Izotz irristaketa helburu

Guaixe 2015ko abe. 14a, 15:33

Ioseba Fernandez izotz irristaketan trebatzen ari da, Alemanian

Ioseba Fernandez irristalariak erronka berria du: izotz irristaketa. Gabon aurretiko bizpahiru aste hauetan Alemanian egongo da kontzentratuta iturmendiarra, izotz irristaketaren teknika eta ezaugarriak ikasten. Printzipioz abiadura handiagokoa da izotz irristaketa. “Ez dut inolako presiorik ezta aurreikuspen handiegirik egin nahi, besterik gabe esperientzia honekin disfrutatu nahi dut. Ondoren hartuko dut erabakia, ea izotzean aritzeak pena merezi didan, beti ere izotz irristaketan errendimendu handiena emateko dohainak ditudan ikusi eta gero” adierazi dio irristalari sakandarrak Gara egunkariari.

Irristalari bikaina da Ioseba Fernandez. Munduko bi titulu eta Europako sei pilatzen ditu. Aurten lesioa izan zuen Ioseba Fernandezek, abduktorean zuntz haustura izan zuen, eta  Taiwango Mundiala jokatzeko nola edo ahala errekuperatu zen. Brontzezko domina lortu zuen Mundialetan, 100 metro karriletan.