Gazte iturmendiarra epaitegira

Guaixe 2016ko api. 22a, 09:45

Babes taldeak “muntaia poliziala” dela salatu du.

Iruñeko auzitegian gazte iturmendiar bat autoritateari atentatua delituagatik epaituko dute gaur. Fiskaltzak harendako 18 hilabeteko espetxe zigorra eta 1.000 euroko isuna eskatzen ditu. Gainera, gaztea atxilotzeko unean Guardia Civilek ustez izandako zaurien kostua ere ordaintzea eskatzen du.

Gertaerak 2013ko Ospa Egunean gertatu ziren, Altsasun. Errepresio indarrek alde egiteko eskatuz Ospa mugimenduak egitaraua prestatu zuen. Hura eragozteko Guardia Civilen talde bereziek Altsasu hartu zuten. Askok despliegea “neurrigabea” izan zela salatu zuten. Gazte iturmendiarraren babes taldetik azaldu dutenez, Guardia Civilak “egun osoan probokatzen ibili ziren, gazteen mugimendu guztiak kontrolatzen, plazarako sarrera guztietan jarrita, bazkari herrikoia egiten zen bitartean metro gutxitara
jarrita… Egunean ez zuten ezer lortu”.

Ospa Eguneko egitaraua bukatu eta Garagardo Azoka zegoelako jendeak parrandan segitu zuen. Babes taldetik azaldu zutenez, “testuinguru horretan, lagun talde bat herriko plaza gurutzatzen ari zenean tentsio momentu batzuk bizi ziren eta iturmendiarra hartu eta bortizki atxilotu zuten”. Lurrera botatzean zauriak eragin zizkioten aurpegian, belaunean eta ukondoan. Gazteak medikura joatea eskatu zuen, bi ordutara eraman zutelarik. “Denbora tarte horretan, erabili zuten bortizkeria justifikatzeko, beraien bertsioa prestatzeko tartea hartu zuten: zauriak egin zituztela, arropa puskatu zitzaiela… Erasotzaileak biktima bihurtu nahian”. Euskal Herriaren desmilitarizazioa lortu arte alde hemendik! aldarrikapena indarrean izanen dela gaztigatu dute. Azkenik egindako deialdietan parte hartzera deitu dute.


Deialdiak
Apirilak 22, ostirala
12:30ean Iruñeko epaitegiaren aurrean elkarretaratzea.
19:00etan Informazio batzarra, Iturmendiko enparantzan.

Maiatza 1, domeka
Elkartasun bazkaria Iturmendiko Aitzkozar elkartean.