Hilabete guztia emanen du maiatzak, pago enbor zurituak, Iturmendiko plazan. Enborra beheko basoan, Aitzondon, moztu zuten kintoen gurasoek pasa den astean. 24 metro luze zituen baina puntan usteldua zegoen eta hautsi egin zen. 19 metroko pagoa atzo goizean eraman zuten plazara kintoek eta haien senideak. Enbor biluzia ikusgarriago egiteko muturrean 5 metroko pinua lotu zioten. Soken eta oinarrien laguntzaz, Ignazio Arbizuren esanetara, iturmendiar talde batek enborra metro eta erdiko zuloan sartu eta zutitzen hasi zen. 35 minutuan egin zituzten egin beharrekoak. Lan horren lekuko makina bat jende izan zen, iturmendiarrak eta aldameneko herrietakoak ere. Bukaeran denedako auzatea izan zen.
Maiatza joatearekin batera kenduko dute enborra plazatik eta bere tokia, ohi bezala eguzki erlojuak hartuko du. Pagoaren egun salmentako irabaziak kintoendako izanen dira. Aurten hamar dira Iturmendin: Josu Gabirondo, Iñaki Olmos, Oihan Artola, Aitor Lopez, Igone Olmos, Nuria Lanz, Oihane Gabirondo, Ainhoa Lopez, Nahia Nuñez eta Sliman Boujaja.