Hegalarien eguna bihar

Guaixe 2016ko eka. 3a, 14:31

9:00etatik aurrera parapentelarien bilgune izango da Iturmendi. Sakana Parapente Egunean egun osoko festa prestatu du Baiza Parapente Taldeak. Dagoeneko 140 pertsonek eman dute izena

Baiza Parapente Taldeak dena prest dauka larunbaterako, Sakana Parapente Eguna 2016 festarako. Festa antolatzeko, Iturmendiko Udalaren eta Ximona Gaztetxearen laguntza eta hainbat entitate eta komertzioen babesa izan dute eta horregatik oso eskertuta daude. Goizeko 9:00etatik aurrera hasiko dira bertako eta inguruetako parapentelariak Iturmendira hurbiltzen, egun ederraz gozatzeko asmoarekin. Goizetik arratsaldera arte hegan egitea, hori da haien asmo nagusia. Horretarako eguraldia eta haizea lagun izatea, ez dute besterik eskatzen.

Baizatik adierazi dutenez, Sakana Parapente Eguna Euskal Herriko parapente topaketa hoberenen artean dago, urtetik urtera pilotu eta zale gehiago erakartzen baititu. Aurreko urtean 100 parapentelari baino gehiago aritu ziren festan eta aurten, dagoeneko, 140 pertsonek eman dute izena. Parapentearen munduan mugitzen den lagunen topaketa bikaina da Sakanakoa. Lehen hegaldi saiotik hasita, zer jan eta edan egongo da Iturmendin, ilunabarrera bitartean. Bestalde, Santa Marinara edo Aralarrera, aireratze guneetara igoera gidatuak izanen dira, eta aireratze guneetara garraio etengabea.

Denetatik
Hegan egitearen sentsazioa probatu nahi dutenendako biplaza hegaldiak eskainiko dira prezio merkean, “inor hegan egin gabe geratu ez dadin”. Horretaz gain, parte hartzaileen artean opari bikainak zozketatuko dira: nekazal etxeetan egonaldiak, beleroan paseoak, gaztak, pateak, txistorrak eta babesleek eskainitako opari anitzak. Aurten, nobedade moduan, bertako produktuen azoka hartuko du Iturmendik.
Aurten Iturmendik hartuko du festa bukaera. Iturmendiko plazan afari herrikoia izanen da eta gauean kontzertuak. Guztira 4 talde arituko dira, bat afaldu aurretik eta gainontzeko hirurak afaldu ondoren. Iturmendiko gaztetxeak jarritako txoznari esker, egonen da zer edan.

sakanaparapente.blogspot.com.es
Informazio guztia.

Sakana Parapente Eguneko egitaraua (Iturmendin)
9:00etan: Izen ematea
10:30ean Lehen erremontea edota oinezko igoera gidatua
11:30ean Non Stop hamaiketakoa
20:00etan Kontzertua: Vicios Viejos
21:00etan: Afari herrikoia eta zozketak
23:30ean: Kontzertuak: Nazarenos del Norte, Alerta Gorria eta Oso Basatis.

* Egun guztian barna bertako produktuen azoka eta biplazak.