Orain emakumeen txanda

Guaixe 2016ko uzt. 1a, 14:08

Emakumeen Nafarroako eta Euskadiko Erlojupeko Txapelketa jokatuko da Iturmendin
Igandean, 11:00etatik aurrera

Garagarrilean gizonezkoen Nafarroako eta Euskadiko Erlojupeko Txapelketa hartu zuen Iturmendik eta igandean emakumeek hartuko dute erreleboa. Izan ere, V. Iturmendi Trofeoa jokatuko da igandean, Emakumezkoen Nafarroako eta Euskadiko Erlojupeko Txapelketa izanen dena, kadeteen, juniorren, 23 urtez azpikoen eta elite mailan.

Goizeko 11:00etan hasiko dira emakume txirrindulariak banaka-banaka erlojuaren kontrako lanean. Lehenak jubenil eta afizionatuen mailakoak –23 urtez azpikoak eta eliteak– izango dira. 11:00etan hasiko dira lanean eta minutu bateko aldearekin ekingo diote ibilbideari. 14 km-ko ibilbidea izanen dute aurrez-aurre, Arbizuko Utzubar industrialdekoraino eta buelta. Kadete mailakoak, aldiz, 12:30ean hasiko dira banakako lanean. 10 km osatu beharko dituzte, Iturmenditik Etxarri Aranazko biribilguneraino eta buelta.

Txirrindularien artean sakandarrak lehiatzea aurreikusten da, junior mailan dabilen Maialen Aramendia iturmendiarra eta kadete mailan dabiltzan Leire Maiza, Joana Irastorza eta Bakarne Gonzalez.