Gonzalez txapelduna eta Aramendia txapeldunordea

Guaixe 2016ko uzt. 7a, 10:44

Bakarne Gonzalez.

Iturmendin jokatutako proban, kadete mailan Bakarne Gonzalez Nafarroako txapelduna izan zen eta Leire Maiza eta junior mailan Maialen Aramendia Nafarroako txapeldunordea izan zen

Igandean Emakumezkoen V. Iturmendi Trofeoa jokatu zen Iturmendin, Nafarroako eta Euskadiko Erlojupeko Txapelketa, kadeteen, juniorren, 23 urtez azpikoen eta eliteen mailan.

Lehenik eta behin juniorrak, 23 urtez azpikoak eta eliteak lehiatu ziren. Minutu bateko tartearekin atera ziren Iturmenditik, Arbizuko Utzubar industrialderaino eta buelta egiteko (14 km). Bioracer taldeko Ziortza Isasi 23 urtez azpikoa izan zen azkarrena (20:11), Reyno de Navarra taldeko Ainara Elbusto eliteari 25 segundo aterata (20:36). Sopela-Ugeraga taldeko Miriam Gardachal juniorra izan zen hirugarrena (21:07). CAF Transport Engineering taldeko Maialen Aramendia junior iturmendiarra 8.a sailkatu zen (22:23). Junior mailan Miriam Gardachal izan zen Nafarroako txapelduna eta Maialen Aramendia dugu Nafarroako txapeldunordea.

Gonzalez txapelduna
Kadeteak Iturmenditik Etxarri Aranatzeraino joan ziren, bertako biribilgunean buelta hartu eta Iturmendiraino itzultzeko (10 km). Bizikleta.com taldeko Luisa Ibarrola gailendu zen (20:11) V. Iturmendi Trofeoan. Gipuzkoa-Rural Kutxa taldean dabilen Bakarne Gonzalez altsasuarra 7.a sailkatu zen (16:22), bere taldekide Leire Maiza etxarriarra 14.a (17:38) eta CAF Transport Engineering taldeko Joana Irastorza etxarriarra 17.a (18:05). Bakarne Gonzalez kadete mailako Nafarroako txapelduna izan zen, Leire Maiza hirugarrena eta Joana Irastorza bosgarrena.