Maialen Aramendiarendako brontzezko bi domina

Guaixe 2016ko ira. 5a, 12:37

Espainiako Junior mailako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Reinosan eta erlojupekoan eta lineako proban hirugarrena izan da iturmendiarra

Asteburuan Espainiako Junior mailako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Reinosan. Emakumezkoen linea proban Leongo selekzioko Sara Martin izan da txapelduna (2:07:15). Bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko lehia estua izan zuten Valentziako Sandra Alonsok eta Nafarroako Maialen Aramendiak, eta azkenean Alonso izan zen bigarrena eta Aramendia hirugarrena, biak 2:28ra. Hortaz, podiumera igo zen iturmendiarra, brontzezko domina jasotzera.

Ostiralean jokatutako erlojupekoan (12,2 km) ere hirugarrena sailkatu zen Maialen Aramendia. Txapelduna Nafarroako bere taldekide Miriam Gardachal izan zen (16:50), bigarrena Leongo Sara Martin (16:54) eta hirugarrena Maialen Aramendia (17:23). Hortaz, bi dominekin bueltatu da Reinosatik.

Gizonezkoak
Gizonezkoen lineako lasterketan Alex Jaime kataluniarrak lortu zuen garaipena, esprintean (2:24:28). Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Asier Etxeberria, Nafarroako selekzioarekin, 35.a izan zen, 1:39ra, eta bere taldekide Juan Riaño, Errioxako selekzioarekin arituta, 95.a sartu zen, 6:33ra. Euren taldekide Xabier Maizak sekulako lana egin zuen Nafarroako selekzioarendako. Lasterketa hasieran Joseba Otaolak zulaketa izan zuen eta Maiza, Alfonso Gaston eta Iñigo Zabalza hustu egin ziren Otaola aurreko postuetara itzultzen laguntzeko.
Gizonezkoen erlojupekoan (19,85 km) Euskadiko Xabier Mikel Azparrenendako izan zen urrea (24:42). Asier Etxeberria 26.a  sailkatu zen (27:03).