17 urteko uhin-eztanda

Guaixe 2016ko aza. 24a, 14:00

Iturmendiko Gazte Asanbladak sustatutako irrati libreak, Eztandak, bere 17. urteurrena ospatu zuen larunbatean. Ospakizun egitaraua eguerdian egindako talo dastatzearekin hasi zen. Bertso-bazkarian 50 bat pertsona elkartu ziren. 19:00etan ekitaldia egin zuten. Irratiaren pasarteak jasotzen duen bideo emanaldiaren ondoren, omenaldiaren garaia iritsi zen. Urtetan hedabidearen zutabe izan diren Gorka eta Sergiok, aitortza gisa, plaka bana jaso zuten. Omenduendako ezustekoa izan zen aitortza.

Plaketan honakoa irakur daiteke: 17 urte baliabide gutxirekin amets bat egia bihurtzen hasi ginenetik. Zuei eta zuen lanari esker, Sakanan zehar musikaz, ezagutzaz eta askatasunaz betetako uhinak hedatu ditugu. Mila esker guztiagatik eta segi dezagun eztanda egin arte! Segituan, Aizkozar elkartearen eta gaztetxearen artean pintxo potean aritu ziren. Ogitartekoak afaldu ondoren gaztetxean gau-pasa egin zuten.

FM 107,7 dialean entzun daiteke irratia, edo www.eztanda.com web orrian. Mugikorrendako aplikazioa ere badu irratiak. Eta Tunein plataforman ere opa daiteke bere sintonia. Bere bospasei saioez aparte, Eguzki eta Hala Bedi irratietako saioen emisioa egiten du goizetan. Gainontzeko emanaldia musika eskaintza zabalarekin osatzen du.

Argazkiak: utzitakoak.