Bi sanantondar berri ditu kofradiak

Guaixe 2017ko urt. 23a, 16:06

Domekako elizkizunean elkartu ziren sanantondar iturmendiarrak. Mezan erlikia gurtu zuten. Aipatu beharra dago, Iturmendiko elizako erretaulan, goian eskuinean San Antonen irudia dagoela, duela 327 urte kofradiak jarria. San Cristobalen irudi bat ere badago elizan, bidaiarien patroia dena, eta beraz, mandazainekin zerikusia zuena.

Elizkizunaren ondoren apaiz etxean bilkura egin zuten. Azken urtean Pedro Fernandez kofradea hil egin da. Kofradiara beste bi kide batu dira, ordea: Fran Sanchez eta Ignacio Eskisabel. Biei ere kofradia 1690 urtean eratu zeneko eskrituraren kopia jaso zuten. Kofradiak dituen 25 kideen artean arduradunak aukeratu ziren: Elias Aramendia prioera da eta Angel Mª Aristu, berriz, abanderatua. Kofradiaren liburuan horiek, diru kontuak eta bestelakoak jaso zituzten. Kofrade bakoitzak urtero bost euro jartzen ditu. Diru kopuru handia pilatzen denean ongintzako ekimen bati ematen diote dirua.

Kofradiaren banderak zeresana eman zuen batzarrean. Antza jatorrizko bandera da, baina urteen poderioz hondatuta dago. Hura zaharberritzea beharrezkoa den kontsultatuko dute kofradeek. Banderak bi irudi ditu: San Anton berarena eta San Migelena, herriko eliza hari eskainia baitago.  Bilkura hildako kofradeen aldeko otoitzarekin despeditu zuten. Batzarraren ondoren 20 kofrade Aritzaga elkartean bazkaltzera elkartu ziren.