26 neska-mutikok ospatuko dute kintoen festa

Guaixe 2017ko ots. 10a, 14:02

Aurten 9 kinto daude Iturmendin.

Ostiral gauean hasiko dituzte Iturmendiko kintoek euren ospakizunak. Aurten 9 kinto daude, baina haiei 16 urtetik 20 urte bitarteko gazteak gehitzen zaizkie. Beraz, guztira 26 neska-mutikok ospatuko dute Santa Ageda Iturmendin. Ondokoak dira aurtengo kintoak: Idoia Rubio, Xabier Aramendia, Joseba Galarza, Maria Zubieta, Maialen Aramendia, Iradi Galarza, Santi Arce, Daniel Mateos eta Jon Lanz.

Ostiralean Aritzaga elkartean bilduko dira afaltzera eta jai giroa ordu txikietaraino luzatuko dute bertan. Larunbatean, goizeko 11:00ak aldera hamaiketakorako geratu dira Aritzagan, ondoren hasiko baitira eskean. Etxez etxe errondan arituko dira Iturmendiko kintoak, borondatea eskatzen eta, trukean, pastak eta moskatela eskaintzen. Trikitilariak izango dituzte lagun, guztiak iturmendiarrak eta kinto ospakizunetan dabiltzanak: Idoia Rubio, Igone Olmos eta Amaiur Rubio.

Herriari buelta eman ondoren, geldialdia egingo dute Aritzaga elkartean bazkaltzeko. Eta arratsalde gau partean Altsasura joko dute, bertan parranda egiteko asmoz. Horrela despedituko dute aurtengo Santa Ageda.