Hilerriko lanak aurten despedituko dira

Guaixe 2017ko mai. 26a, 09:39

Arrano Beltza plazako goiko eta beheko zatietako sareak eta zorua konpondu nahi lituzke udalak.

Iturmendiko Udalak aurten 269.326,81 euroko aurrekontua izanen du, joan den urtean baino 70.533,95 euro gutxiago. Victoriano Gabirondo alkateak esan digunez bi inbertsio nagusi eginen ditu udalak aurten. Alde batetik, hilerrian tokirik gabe gelditzen ari ziren eta konponbidea emanen diote. Lan guztiak aldi berean egin ezin zirenez, joan den urtean hasitako lanei aurten segida emanez.  

Gabirondok azaldu digunez, Iturmendin lurrean lur emateko ohitura oso errotuta dago. Beraz, horma-hobiak egin beharrean, lurrean zulo handiak egin eta haietan aurrefabrikatutako hormigoizko egitura handiak sartuko dituzte. Horien barruan hildakoen kutxan jarriko dituzte. Porlanezko egitura bakoitzak bere tapa du eta haren gainean 15-20 cm-ko lur kapa geldituko da, belardia. Joan den urtean halako 10 bat kutxa jarri zituzten hilerrian eta aurten beste 13 jarriko dituzte. 10.000 euro inguru bideratu dira lan horietara. Gauza batzuk auzolanean eginen dira eta besteak kontratu-pean.

Alkateak azaldu duenez, hartutako neurriak lurrean zuloa egiteko lan neketsua eragotziko du. Bestetik, eta hilerria eskaera berriei egokitzeko 30 espazioko kolunbarioa jarriko dute hilerrian. Gainera, haren ordenantza joan den urtean berritu zen. Bestalde, Iturmendiko Udalak aurtengo duen beste inbertsioa kale-argietan bonbilak led teknologiagatik ordezkatzea da. 8.000 euroko aurrekontua du eta lanak auzolanean eginen dira.

Joan den urtean udalak eskola berriko sotoa biltegi moduan txukundu zuen. Hura eskolak eta udalak erabiltzen dute. Bestalde, gaztetxe ondoko etxeko teilatua konpondu zuen ere.

Diru-laguntzak
Udalak hainbat lan egiteko ezinbestekoa du Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza. Iturmendiko Udalak bi proiektu aurkeztu ditu Toki Azpiegituren Planera. Konsistorial kaleko zati batean, Zirrin kaleren zatian, Arrano Beltza plazako goiko eta beheko zatiak eta elizalde kaleko zati batean sareak eta zorua berritu, espaloiak jarri eta kale-argiak berritzeko lanak dira udalak egin nahi lituzkeenak. Gabirondok jakinarazi duenez, lau zatietarako diru-laguntzarik ez balego lanak pixkanaka egitea aztertuko lukete. Lanok eginez gero, herriko sareak eta zoruak erabat berritzeko Txorralde eta Santa Marina kaleak faltako lirateke.

Bestetik mediku kontsultategiko isolamendua hobetzeko, berogailua eta leihoak aldatuko dira eta baita margotu ere. Gutxi gorabehera, 10.000 euroko inbertsioa eginez. Kontsultategi gaineko pisua, medikuaren etxea zena etxebizitza moduan konpontzea aztertzen ari dira Iturmendin. Hiru udal dira eraikinaren jabe eta adostasunera iritsi ez direnez, behar bada Iturmendik Bakaikuri eta Urdiaini euren jabetzaren zatia erosiko lieke. Hala eginez gero, Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko funtseko dirua agian etxebizitza horiek konpontzera bideratuko luke udalak, “baina non gastatu badago”, ohartarazi du alkateak.

Burundako ekialdean dauden hiru herriek baso kudeaketarako azken bi planak elkarrekin egin dituzte. Baina basozainen zuzendaritzak irizpidea aldatu eta herri bakoitzak bere baso plana izanen du. Iturmendikoak hasierako onespena badu. Behin betiko onartutakoan 10 urterako indarraldia izanen du.