Urrezko bi domina Ioseba Fernandezendako

Guaixe 2017ko uzt. 10a, 12:42
Argazkiak: Espainiako Irristaketa Federazioa.

100 metro esprintean eta zirkuituari buelta bat emateko proban urrezko dominak lortu ditu Iturmendiko txirrindulariak. Aurretik, 500 metrotan zilarrezkoa lortu zuen

Garilaren 1etik 8ra Europako Irristaketa Abiadura Txapelketak jokatu dira, Lagosen (Portugal). Espainiako selekzioan 22 irristatzaile lehiatu dira, Berriro Ere talde nafarreko Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarra tartean. Guztira, Espainiako selekzioak 26 domina lortu ditu Europako Txapelketatan.

Iosebak sasoi betean jarraitzen duela erakutsi du berriz, sekulako maila eman baitu Europako Txapelketan. Garilaren 3an, astelehenean, senior mailako 500 metro esprintean bigarrena sailkatu zen, zilarrezko domina lortuaz. Ostegunean zirkuituko 100 metro esprint lasterketan lehena izan zen iturmendiarra eta garaipena semeari eskaini zion. Eta ostiralean zirkuituari buelta bat emateko proban garaipena lortu zuen Fernandezek; hortaz, urrezko bi domina eta zilarrezkoa lortu ditu Europako Txapelketatan. Ioseba Fernandezek azaldu duenez, buelta bateko esprint proban Ricardo Pasaroto italiarra hobeto ariko zela espero zuen. “Aurreko urtean oso alde gutxi genuen, milaren eskas batzuk, eta beraren kontrako oso lehia estua espero nuen” adierazi du. Proba guztietan “oso indartsu eta seguru” sentitu dela nabarmendu du iturmendiarrak “arerioei aldea” aterata. Horrek “konfiantza handia” eman dio irailean jokatuko diren Mundialei begira.

Irailean Mundialetara
Izan ere, irailaren 1etik 8ra World Roller Games 2017 edo Irristaketa Mundialak jokatuko dira Nanjing hirian (Txina). Espainiako selekzionatzaile Garikoitz Lergak hautatu ditu bertan ariko diren 9 irristalariak. Tartean, senior mailan Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarra ariko da.