Irailaren 10era bitartean World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketak jokatzen ari dira Txinan, Nanjing hirian. Guztira irristaketako 10 modalitate daude jokoan eta 50 federazioko 4.000 kirolari ari dira lehiatzen, tartean Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarra.
Astelehenean abiadura irristaketako 500 m esprint proba jokatu zen. Proban laugarrena sailkatu zen Ioseba Fernandez, baina epaileak Kolonbiako selekzioak egindako erreklamazio bat onartu zuen eta, azkenean, hirugarrena sailkatu zen iturmendiarra eta brotzezko domina jantzi zuen. Eta atzo, asteartean, bigarren domina lortu zuen Fernandezek. 300 m erlojupekoan probako bigarren denbora onena egin zuen Ioseba Fernandezek eta zilarrezko domina lortu zuen.
Igandera bitartean beste probatan ariko da iturmendiarra. Irristalaria sasoi betean jarraitzen duela demostratzen ari da. “Ongi entrenatu dut, nire ibilbideko une hoberenetako batean iritsi naiz Txinara eta konfiantzarekin nago”. Txinara iristerakoan esandakoak egiaztatzen ari da Fernandez.