Munduko irristalaririk azkarrena da Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarra. Txinako Nanjing hirian jokatzen ari diren mundialetan atzo irristaketa abiadurako 100 m esprint txapelketa jokatu zen, ikusmin handia piztu zuena, eta, atzera ere, munduko azkarrena izaten jarraitzen duela erakutsi zuen iturmendiarrak. Ioseba Fernandezek 9,813 segundoko denbora egin zuen eta Jorge Luis Martinez mexikarrari (9,906 segundo) eta Jinyoung Kim korearrari (10,040 segundo) gailendu zitzaien.
Urrezko dominari zilarrezko eta brontzezko domina bana gehitu behar die Fernandezek. Astelehenean 500 m esprint proban hirugarrena sailkatu zen iturmendiarra (40,568 segundo) eta, asteartean, 300 m erlojupekoan munduko txapeldunordea izan zen. Simon Albrecht alemaniarra izan zen txapelduna (23,784 segundo) eta Ioseba Fernandez txapelduordea (23,870 segundo). Zilarrezko domina lortu zuen.
Beraz, hirukoa lortu du Ioseba Fernandezek: urrezkoa, zilarrezkoa eta brontzezkoa.