Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarra bere denboraldirik onenean dago. Txinan jokatutako Mundialetatik 4 domina ekarri ditu, tartean urrezkoa, 100 metrotan. Handik bueltan desafio ikusgarria egin zuen Pantxo Egozkuerekin eta larunbatean 100 metroko munduko errekorra apurtzeko saioa egin zuen Iruñean, Nafarroako Unibertsitatearen kirolaren egunean.
Aurretik berea zen 100 metroko errekorra (9,775 segundo), baina iturmendiarrak 115 ehunenetan apurtzea lortu zuen: 9,660 segundo, hori izan zen larunbatean Iruñean egindako marka berria. Baina Iruñekoa lehiaketa ofiziala ez zenez, naziorteko epaileekin, iturmendiarrak ezin izan du errekor berria modu ofizialean erregistratu. Nolanahi ere, pozik zegoen Ioseba Fernandez. “Sasoi ezin hobean nago. Inoiz ez naiz horren ongi sentitu, ez baitut lesiorik eta ezustekorik izan. Horrek bikain entrenatzea ahalbideratu dit eta oso erregularra nago. Momentu gozoan nabil” azaldu zuen txapeldun iturmendiarrak.
Halaber, Ioseba Fernandez pozik dago berak eta Jonathan Galarrek Txinan lortutako garaipenekin irristaketa “ikusgarri” egin dutelako. “Jendea geroz eta gehiago gerturatzen ari da irristaketara” azaldu zuen.