Eztanda Irratiak 18 urte bete ditu

Guaixe 2017ko aza. 17a, 13:06

Behar bezala ospatzeko larunbaterako egitaraua prestatu dute Iturmendiko Gazte Asanbladako kideek

Iturmendiko irrati libreak larunbatean bere 18. urteurrena ospatuko du. Iturmendiko Gazte Asanbladak kudeatzen duen irratia 1999ko udazkenean emititu zuen estreinakoz. Haiek beraiek eraikitako emisore txiki batekin herrirako emanaldiak egin zituzten lehenik, eta tramankulu hobeekin Sakana guztirako emititzeari ekin zioten. FM 107,6 edo www.eztanda.com web orriaren bitartez entzun daiteke bere emanaldia. Gainera, azken hori goitik behera itxuraldatu dute.

Programazioari dagokionez, irratiko goizak Ituñeko Eguzki Irratiaren eta Gasteizko Hala Bedi Irratiaren magazinen berremisioarekin osatzen dute. Arratsaldez entzun daitezke Iturmendin ekoiztutako saioak: Laberinto laborala, Zure aukeran, Voodoo rock, Sakandarock edota Fiebre. Saioa egin nahi duenak haiekin harremanetan jartzea du. Bestela, biharko ospakizunera guztiok gonbidatu gaituzte.

Egitaraua
11:30 Taloak plazan.
14:00 Bazkaria Aritzaga elkartean.
Bazkalostean Andoni Ollokiegi bakarlariaren emanaldia.
19:00 Furgobira eta mozkor-jolasak herrian zehar.
22:00 Afaria Aitzkozar elkartean.
23:30 Kontzertuak gaztetxean: Garabatos eta Guri5 erromeria
Eta gero gaupasa