Iturmendiko Gazte Asanbladak hitzordu berezia du asteburuan. Ximona gaztetxeak 7 urte bete dituenez, astebururako festa polita antolatu dute herriko gazteek.
Ekitaldiak gaur hasiko dira, ostiralean, arratsaldeko zortzietarako antolatu duten hitzaldiarekin. Abiadura Handiko Trena izango da hizpide, udaletxean. Jakina denez, Iruña eta Gasteiz arteko lotura Sakanan barna eginen lukete. Horrela, Sakana guztia zeharkatuko luke Abiadura Handiko Trenak eta horrek gurean ekarriko duena aztertuko dute gaur Iturmendin. Hitzaldia Sakana Trenaren Alde eta Sustrai Fundazioak antolatu dute.
Bihar, larunbatean, goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua gazte iturmendiarrek. Ximona gaztetxean bilduko dira auzolana egitera eta gaztetxeko txoko guztiak garbi-garbi uztera. Izan ere, ondoren, 14:30ean, bazkaltzera bilduko dira eta, giroa berotzeko, karaokea jarriko dute martxan. Kanta kuttunak kantatzera gogoz animatuko dira gazte iturmendiarrak.
Gaueko 21:00etan dute hurrengo hitzordua. Indarrak berreskuratzeko bokatada egingo dute eta ondoren giroa ordu txikietara arte luzatuko da, gaupasa antolatu baitute gaztetxean.
2011n hasi zen dena
Ximona gaztetxea 2011 urteko ilbeltzaren 7an okupatu zuen Iturmendiko Gazte Asanbladak. Haren jabe zen fundazioak ilbeltzaren 18an eraikina tapiatu zuen eta gazteak berriro etxean sartu ziren, otsailaren 3an. Bi urte luzeko lanen ondoren, 2013ko maiatzaren 10ean mustu zuten. Ordutik, gazteen bilgunea da