Ioseba Fernandezek munduko beste errekor bat apurtu du

Guaixe 2018ko api. 30a, 12:58

Aurreko astean zirkuituko 100 metroko munduko errekorra gainditu zuen eta asteburu honetan 300 m erlojupekoko munduko errekorra apurtu du (22,850 segundo), Alemanian

Ioseba Fernandez puntako kirolaria dela ez dago zalantzarik. Asko dira Iturmendiko irristalari honek lortutako markak, munduko eta Europako txapelduna baita, beste hainbat txapelketaren artean. Eta bere bizitzako unerik garrantzitsuenean dago, aste bateko epean munduko bi errekor apurtu baititu.

Iturmendiarrak duela aste bat Nafarroako Zirkuitu Abiadura Txapelketan, Antoniuttin, 100 metroko munduko errekorra apurtu zuen, aurretik zuen bere marka, 9,660 segundokoa, 9,604 segundotan gaindituz. Eta aste bat beranduago, asteburu honetan hain zuzen ere, Alemaniako Geraun jokatzen ari diren Europako Irristaketa Kopan, beste errekor bat gainditu du Ioseba Fernandezek: zirkuituko 300 metroko erlojupekoko proban 22,850 segundoko denbora egin du, aurreko errekorra gaindituz. Zorionik onenak opa dizkiogu.

2019an Bartzelonan jokatuko diren World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketetan aritu nahi du iturmendiarrak eta horretarako lan handia ari da egiten. 2019an Bartzelonan jokatuko diren World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketetan aritu nahi du iturmendiarrak eta horretarako lan handia ari da egiten. Txinan jokatutako aurreko World Roller Games mundialetan iturmendiarrak urrezko domina bat, zilarrezko bi domina eta brontzezko domina bat lortu zituen.