Gipuzkoako Itzulia Josu Etxeberriarendako

Guaixe 2018ko eka. 26a, 11:19
Argazkia: Jesus Barado Ocaña.

Intersport Irabiako txirrindulari iturmendiarrak Gipuzkoako Itzuliko bi etapa irabazi zituen eta aitzinetapatik hartu zuen lidergoa, bukaerara arte mantendu zuena

Ekainaren 22an, ostiralean hasi zen junior mailako 29. Gipuzkoako Itzulia eta ekainaren 25ean, astelehenean despeditu zen. Junior mailako tropeletatik onena lehiatu da Zegaman, Olaberrian, Andoainen eta Seguran jokatutako etapetan eta txapelduna sakandarra dugu, Lakuntzako Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria. Iturmendiarrak Zegamako aitzinetapako erlojupekoa irabazi, lidergoa hartu eta asteleheneko Segurako etapara arte mantendu zuen. Azken etapa hori irabazi zuen sakandarrak eta, beraz, merezitako txapelduna da Josu Etxeberria.

Aitzinetapa eta azken etapa irabazi zituen Etxeberriak
Zegaman jokatutako aitzinetapako 1,2 kilometroko erlojupekoarekin hasi zen junior mailako 29. Gipuzkoako Itzulia. Etapa hau 159 txirrindularik osatu zuten eta azkarrena Intersport Irabiako Josu Etxeberria iturmendiarra izan zen (2:20). Burunda klubeko Quesos Albeniz taldearekin ibili zen Louie Priddle txirrindularia 5.a sailkatu zen, 4 segundora; El Caserio Valsay taldeko Jon Gil 23.a sartu zen, 11 segundora; Intersport Irabiako Beñat Etxezarreta 25.a, 11 segundora; Quesos Albenizekin aritu zen Nicolas Henri Wernimont 47.a, 16 segundora; Quesos Albenizko Ailetz Lasa 53.a, 19 segundora; Quesos Albenizko Mateo Gonzalez 56.a, 20 segundora; Intersport Irabiako Andoni Urra 79.a, 24 segundora; Intersport Irabiako Urko Gorriti 88.a, 26 segundora; Interspor Irabiako Javier Mitxaus 94.a, 27 segundora; Quesos Albenizko Diego Gonzalo 102.a , 29 segundora; Intersport Irabiako Xabier Mauleon 123.a, 39 segundora; eta Quesos Albenizko Jonathan Vega 138.a, 45 segundora.

Larunbatean lehen etapa jokatu zen Olaberrian, igandean Andoainen bigarren etapa, eta astelehenean despeditu zen Gipuzkoako Itzulia, Seguran jokatutako azken etaparekin. Beroari egin behar izan zieten aurre txirrindulariek. Aurreko bi etapetan aurrean egon zen Josu Etxeberriak eta liderraren maillotari eutsi zion. Bada, azken etapan ikusgarri aritu zen Iturmendikoa eta Segurako helmugara Ampo taldeko Xabier Berasategirekin batera iritsi zen. Bien arteko esprint ikusgarrian gailentzea eta azken etapa irabaztea lortu zuen Josu Etxeberriak (2:19:58) eta, bide batez, 29. Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen (6:41:58), merezimendu osoz.

Gainontzeko gure txirrindulariei dagokienez, Ailetz Lasa 18.a sailkatu da Gipuzkoako itzulian, 3:54ra; Nicolas Henri Wernimont 42.a, 11:35era; Louie Priddle 51.a, 15:01ra; Jon Gil 59.a, 16:58ra; Xabier Mauleon 69.a, 28:44ra eta Beñat Etxezarreta 70.a, 30:11ra.