Ioseba Fernandez, Holandako Irristaketa Mundialetara

Guaixe 2018ko eka. 27a, 14:40

Holandako Heerde eta Anrhem hirietan jokatuko dira Irristaketa Mundialak, uztailaren 1etik 7ra eta bertan ariko da irristalari iturmendiarrak

Uztailaren 1etik 7ra Munduko Irristaketa Txapelketak jokatuko dira Holandan, Heerde eta Anrhem hirietan. Espainiako selekzionatzaile Garikoitz Lergak atzera ere Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarra hautatu du taldea osatzeko. Fernandezekin batera, Ivan eta Jonathan Galar, eta Maialen Oñate eta Maite Ancin nafarrak ariko dira Espainiako selekzioan. Ioseba Fernandez une bikainean dago eta dominaren bat lortzea da bere asmoa.

Palmares ikusgarria
Iturmendiko irristalariak palmares bikaina dauka. Ioseba hiru aldiz izan da munduko txapelduna eta 9 aldiz Europako txapelduna. Horretaz gain, apirilean munduko bi errekor gainditu zituen, aurretik ere bereak zirenak. Batetik, Antoniuttin jokatutako Nafarroako Zirkuitu Abiadura Txapelketan 100 metroko munduko errekorra apurtu zuen, aurretik zuen bere marka, 9,660 segundokoa, 9,604 segundotan gaindituz. Eta aste bat beranduago Alemaniako Geraun jokatu zen Europako Irristaketa Kopan, beste errekor bat gainditu zuen: zirkuituko 300 metroko erlojupekoko proban 22,850 segundoko denbora egin zuen, aurreko errekorra gaindituz.

Sasoi betean dago irristalari iturmendiarra. 2019an Bartzelonan jokatuko diren World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketetan aritzea da bere helburua eta horretarako lan handia ari da egiten. Txinan jokatutako aurreko World Roller Games mundialetan iturmendiarrak urrezko domina bat, zilarrezko bi domina eta brontzezko domina bat lortu zituen.