Etxeberriak ez zuen zorterik izan Mundialetan

Guaixe 2018ko ira. 28a, 11:54
Josu Etxeberria, Espainiako selekzioko gainontzeko kideekin.

Bi eroriko izan zituen eta bigarren erorikoarengatik ezker izterrean kolpe handia jaso zuten Iturmendikoak. Ondorioz, proba utzi behar izan zuen

Innsbrucken jokatzen ari diren Munduko Txirrindularitza Txapelketen barruan atzo juniorren mailako linea lasterketa jokatu zen. Espainiako Francisco Javier Cerezo selekzionatzaileak hautatuta, Josu Etxeberria txirrindulari iturmendiarra aritu zen proban, Carlos Rodriguez, Ivan Cobo, Jon Barrenetxea eta Pelayo Sanchezekin batera.

Lasterketako lehen zatian Txekiar Errepublikako txirrindulari batek atzera begiratu zuen eta nahi gabe sekulako erorikoa sortu zuen txirrindulariak. Tartean harrapatuta geratu ziren Espainiako selekzioko kide gehienak, Josu Etxeberria tartean, eta baita faborito nagusiena, Belgikako Remco Evenepoel. Ondorioz, lasterketa guztiz apurtuta geratu zen. Italiarrek Piccolo jarri zuten aurrean, Mayrhofer alemaniarrarekin batera. Tartea zabaldu zuten eta Evanepoeli 2 minutuko diferentzia atera zioten. Baina Evenepoelek handia dela erakutsi zuen, taldeak aurreratzen hasi baitzen banaka-banaka, aurretik zihoen tropela harrapatzera arte. Evenepoelek erasoa jo zuen eta sekulako erakustaldia eman eta gero, eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (3:03:49), Marius Mayrhofer Alemaniarrari 1:25 eta Alessandro Fancellu italiarrari 1:38 aterata.

Bitartean, gauzak ezin okerragoak ziren Espainiako selekzioko kideendako. Lasterketako bigarren eroriko handian ere lurrera joan zen Josu Etxeberria. Ezker izterrean kolpe handia hartu zuen eta proba utzi behar izan zuen. Lasterketako lehen euskalduna Jon Barrenetxea izan zen, helmugan 36.a, 13.37ra. Mundialetan bigarren lasterketa irabazi eta gero, jaun eta jabe dela erakutsi zuen Remco Evenepoelek.