Eztandaren urteurren festa

Guaixe 2018ko aza. 16a, 14:36
Irratiaren aurreko estudioa.

Irrati libreak 19 urte betetzen dituela eta egitaraua prestatu du.

Iturmendiko gazte asanbladatik sortu zen Eztanda Irratia (FM 107,7 edo www.eztanda.com) duela 19 urte. Gaur egun saio propioekin, Eguzki Irratiaren eta Halabedi Irratiaren saioen berremanaldiekin eta musika eskaintzarekin osatzen dute 24 orduko emanaldia. Hala ere, Eztanda Irratiak urte mugitua izan du. Udal baskula zena hartzen zuen eraikin txikian zuen estudioa eta urte hasieran han zuten hozkailuko isolatzaileak su hartu zuen. Tresneria onik atera zuten. Egoki garbitu, baina egunerokoan sutearen arrastoak nabari dira eta zenbait tresna aldatu beharko dituzte. Horregatik, maiatza egunean zozketa baterako txartelak saldu zituzten. Asteburuko ospakizuneko irabaziak ere horretara bideratuko dituzte.

Irrati librearen urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute gazte asanbladakoek. Horren barruan Sakanako gazte asanbladen jardunaldiko bigarren saioa dago, biharko iragarria dagoena. Langile klasearen definizioaren inguruan hausnartuko dute.

Egitaraua
Azaroak 16, ostirala
19:00etan AHTri buruzko hitzaldia.

Azaroak 17, larunbata
11:00etan Zer da langile klaseko kide izatea? Sakanako gazte asanbladen jardunaldiko saioa, Ximona gaztetxean.
14:30ean Bazkaria.
16:00etan Eztabaida, Ximona gaztetxean.
19:00etan Auzatea eta brindisa irratian.
22:00etan Afaria.
00:00etan Kontzertuak: Papawanda eta Brigada Improductiva.