Maialen Aramendia Murias-Limousinera

Guaixe 2019ko urt. 15a, 11:31

23 urtez azpiko Murias-Limousin taldeko txirrindularia izanen da Maialen Aramendia 2019an

Euskadi-Murias taldeak eta Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolak emakumeen txirrindularitza sustatzeko akordiora iritsi dira eta 23 urtez azpiko, jubenilen eta kadeteen emakumezko taldeak sortu dituzte.

23 urtez azpiko taldeak eta jubenilen taldeak Murias-Limousin izena izango dute eta Euskadi-Murias taldearen babesa izango dute. Maialen Aramendia iturmendiarra izango da 23 urtez azpiko taldeko txirrindularia, Garazi Erostarberekin eta Irati Idirinekin batera. Naia Amondarainek, Xubane Garaik eta Ekhiñe Rivasek osatuko dute, aldiz, juniorren taldea. Eneko Garai da bi taldeen arduraduna eta Loli Sansano kirol zuzendaria. BH bizikletak, Spiuk kasko eta betaurrekoak eta Kalas arropa izango dute eta Euskaldun Torneoan eta Espainiako Kopan lan ona egitea dira bere helburuak. Murias taldeko gizonezkoen maillot ia berbera izango dute, baina Oriako Txirrindularitza Eskolako logoak gehituta: eskolako logoa, Limousin Kartoiak eta Arsuaga.

Bestalde, kadeteen taldeak Limousin-Murias izena izango du eta Amaia Astarloa, Jone Gisasol, Naroa Olano eta Nagore Txintxurreta izango dira taldekideak.