Sanantondarrak domekan bildu ziren

Guaixe 2019ko urt. 21a, 11:32

Sanantondar iturmendiarrak elizako estalopean.

San Anton eguna ilbeltzaren 17an, ostegunean, izan zen arren, urtero bezala Sakanako San Anton kofradiak asteburuan bildu ziren. Azkenak Iturmendiko sanantondarrak izan ziren, domekan ospatu zuten abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideen saindua. Iturmendiko San Anton kofradia XVII. mendekoa da. Urtero bezala San Anton egunaren hurrengo domekan ospatu zuten sanantondarrek haien eguna Iturmendin. Kofradeak eguerdiko mezara joan ziren, Pedro Mari Eskisabel banderaduna kofradiaren estandartea eraman zuen.

Meza ondoren, apaizaren etxean bildu ziren. Kofradiaren kontuak egunean jarri zituzten eta kide berrien eta hildakoen izenak akta liburuan idatzi zituzten. Gainera, aurtengo banderaduna zein izanen den erabaki zuten ere. Aurten 25 sanantondar dira Iturmendin. Baja bat izan da: Andres Gabirondo; eta bi alta: Martin Gabirondo eta Pablo Eskisabel. Urteko kontuak erregistratu ondoren, hildako kofradeen aldeko errespontsua egin zuten eta Aritzaga elkartean mahai inguruan bazkarirako bildu ziren sanantondarrak.