Etxeberria anaiak Espainiako Pista Kopan

Guaixe 2019ko urt. 23a, 11:30

Asteburuan Espainiako Pista Kopako lehen jardunaldia eta Espainia Omnium Txapelketa jokatu ziren. Elitean Josu Etxeberria laugarrena sailkatu zen eta kadeteetan Martxel Etxeberria hamargarrena

Asteburuan pista txirrindularitzako Espainiako Kopako lehen jardunaldia eta Espainia Omnium Txapelketa jokatu ziren Mallorcako Palman. Nafarroako selekzioarekin bi txirrindulari sakandar aritu ziren, Josu eta Martxel Etxeberria anai iturmendiarrak, eta Burunda klubean trebatzen den Unai Aznar Erriberako txirrindularia.

Martxel Etxeberria kadete mailako gizonezkoetan lehiatu zen. Sailkapen orokorrean 10.a sailkatu zen Martxel (8.a Tempon, 8.a kanporaketan eta 10.a puntuazioan). Unai Aznar pistan estreinatu zen eta lan txukuna egin zuen. Eta Josu Etxeberria lehenengoz elite mailan lehiatu zen eta iturmendiarra laugarrena sailkatu zen 23 urtez azpiko Espainiako Pista Kopan eta Espainiako Omniun Txapelketan. Puntuazio proban bikain aritu zen; liderra izan zen probaren tarte handi batean eta, azkenean, bigarrena izan zen.

Taldekako txapelketan Nafarroa Espainiako Pistako Kopako seigarren postuan dago.