Kinto iturmendiarrak aurten lau dira: Ane Goikoetxea, Unai Lopez de Goikoetxea, Asier Gabirondo eta Amaiur Rubio. Haiekin batera kinto segizioa bi urte zaharragoak diren kintoek eta bi urte gazteagoak direnek osatuko dute. 28 gazte guztira. Den-denak elkartean afaltzera elkartuko dira gaur. Ondoren han parranda eginen dute.
Biharko hitzordua 10:00etan jarria dute. Indarra hartuta kalera baserritarrez jantzita aterako dira, kinto eskean aritzeko. Trikitilaria eta panderojolearen laguntzaz herrian barna eskean ibiliko dira. Haiekin eskuzabal direnei moskatela eta pastak eskainiko dizkiote. Jasotakoa saski batean gordeko dute. Eske-erronda despedituta elkartean bazkalduko dute. Iluntzean Altsasuko kintoak dantzan ikustera joanen dira. Herri horretan afaldu eta parranda eginen dute.
Kinto ospakizunak larunbatean despedituko dituzte. Baina 28ak afariren bat eginen dute aurrerago, ez dakite herriko festetan eta Etxarri Aranazkoetan izanen den. Hori bai, kinto iturmendiarrek eske lana aurreratuta dute. Urtezahar gauean kantu-eskean aritu ziren, Urgoiena kanta abesten. Kuestazio hartan 400 euro jaso zituzten. Beste egiteko bat ere izanen dute, maiatzaren 1ean herriko plazan jartzen den pagoa moztu eta herrira ekartzea. Hainbaten laguntzaz eginen dute hori.