Torturaren salaketa

Guaixe 2019ko ots. 15a, 12:35

Sortuk iluntasunetik argitasunera ekitaldia antolatu du Iturmendiko plazan, biharko, 13:00etan.

Euskal Herriko torturaren kontrako eguna herenegun izan zen. Duela 38 urte Madrilgo Carabanchelgo espetxean hil zen Joxe Arregi, Espainiako Poliziak atxilotu ondoren egindako torturen ondorioz. Tortura errealitate bat dela adierazi dute Sortuko kideek. Gaineratu dutenez, “benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago.  Bake prozesu integral bat bultzatu behar dugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikustaraziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin. Militante politikook eta inork, halakorik berriro inoiz jasan ez dezagun”. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu diote Sakanan izan den errealitate hori “lehenbailehen iker dezan”.

Joan den urtean ezker abertzaleko alderdiak jakinarazi zuen Sakanan 117 tortura kasu izan zirela. Baina “torturaren errealitatea ikertu ahala 117 zenbakia zaharkituta geratu zaigu, dagoeneko 149 tortura kasu egiaztatuak ditugu eta”. Azken kopuru hori “herri honek askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik jasandako sufrimenduaren adierazlea da”. Sortutik gogorarazi dutenez, “urteak dira Sakanan torturaren errealitatea iluntasunetik argitasunera igarotzeko pausoak egiten ari garela”. Biharko Iturmendin antolatutako ekitaldia “iluntasunetik argitasunera pauso berri bat emateko asmoz, Sakanak eta Euskal Herriak nahi duten etorkizuna askatasunez eraikitzeko”.