Berokuntza sistemaren oinarria jarriko da

Guaixe 2019ko mar. 29a, 14:44
Jolas-parkearen ondoan dago Konsistorial kalean. Artxiboa.

Konsistorial, Zirrinkale eta Elizalde kaleetako sareak eta zorua berrituko dira. Herriko 25 etxe berotzeko aukera emanen duen sistemaren oinarria jarriko dute aurten.

“Iturmendiko aurrekontua 250.000 euroren bueltan egoten da, ez da 300.000 eurora iristen. Baina aurten lanengatik handitu egin da”. Victoriano Gabirondo Lanz alkatearen azalpenak dira. Izan ere, Iturmendiko Udalak  687.660,02 euro izanen ditu aurten. Konsistorial, Zirrinkale eta Elizalde kaleetako euri uren eta ur beltzen sareak banatu eta gainontzeko sareak eta zorua berrituko dituzte. Lan horietarako udalak 300.000 euro inguru bideratu ditu. Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planaren bidez lanek %70eko diru-laguntza dute. Ur sareak berritzera 56.800 euro bideratuko ditu Sakanako Mankomunitateak. Udalak beste 40.000 euro kaleotako argiteria publikoko kableak lurperatu eta egungo bonbillak LED argiengatik ordezkatzeko. Gabirondok azaldu digunez, herrian jartzen diren mota horretako aurreneko argiak izanen dira. Lanak uda partean eginen dira.

Berokuntza sistema
Herriaren erdialdean lurra jasoko dela baliatuz, Iturmendiko Udalak berokuntza sistema jartzeko baliatuko du. Gabirondok azaldu digunez, herriko basoko egurrarekin udaletxea, eskola zaharra eta gaztetxea berotu nahi dituzte eta ur beroa eraman. “Baina behin hodiak jarrita, haiek pasatzen diren etxeak ere berotzeko eta ur beroa jasotzeko aukera izanen dute. Parean arketa eta bi hodiak utziko zaizkie”. 25 etxe direla jakinarazi digu alkateak, eta haiekin bilera egin zuten atzo.

Gabirondok argitu digunez, hiru urtetan eginen duten inbertsioa da berokuntza sistemarena. “Joan den urtean hodiak erosi genituen. Aurten haiek jarriko ditugu. Horretarako 15.000 euro bideratu ditugu. Eta heldu den urtean gaztetxe ondoko etxean biomasako bi galdara komunitario jarriko ditugu eta martxan jarriko da berokuntza sistema”. Herriko basoko egurra ezpaldu eta horrekin elikatuko dituzte galdarak. Beharrezkoa duten ezpala egiteko zuhaitzak udan moztuko lituzketela gaztigatu du alkateak: “109.000 tona ezpal lehor behar dira, eta berdean 150.000 tona. Enborrak ezpaltzeko makina alokatu eta zazpi bat ordutan lana egina dago”. Pagoa erabiliko dute galdaretan sua egiteko, merkatuan merke saltzen delako. Herrian eginen den erabilera horrek basoaren kudeaketan ere lagunduko diela gaztigatu du Gabirondok.

Berokuntza sistema martxan jarri ondoren balorazioa egin eta egoki jotzen bada, alkateak ez du baztertzen etxe gehiagotara zabaltzeko aukera. “Horretarako, herrian barna zirkuitu berriak egin beharko lirateke eta galdarak pabilioi batean zentralizatu beharko lirateke”. Halako sistema duen Arabako Mendialdeko Sabando herriko esperientzia ezagutzen egon dira iturmendiarrak. “Gasolioa baino merkeago eta garbia da. Han oso kontentu daude” azaldu digu alkateak. Gabirondok jakinarazi duenez, egitasmoa aurrera eramateko erregai fosilen kontsumoa murrizteko planaren barruan Europako % 50eko diru-laguntza jasoko du udalak, eta beste % 30 Nafarroako Gobernutik.

Beste inbertsio batzuk
Eskola zaharren eraikineko, Gure Etxea eraikineko teilatuak itajurak zituen eta hura konpondu zuen udalak joan den urtean. Aurten medikuaren etxea zeneko teilatua berritzeko 20.000 euro bideratuko ditu. Udalak Etxarri Aranatz eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari utzi zion etxea eta gaur egun familia bat bizi da bertan. Iturmendiko Udalak beste 20.000 euro bideratuko ditu beheko basoan Ezkibel-Maubia bidea konpontzeko. Baso aprobetxamenduak atera ondoren hondatuta gelditu da bidea. Gainera, handik mendi bizikletan txirrindulari asko pasatzen dira.

Bestetik, euriteek eragindako kalteengatik jasotako diru-laguntzarekin joan den urtean udalak bi lan egin zituen. Atxumendi kaletik Bakaikura eramaten duen dermioko bidearen hasiera porlaneztatu zuen. Eta gauza bera egin zuen Kasetakogain eta Argain dermioen arteko bidean ere. Sanpedroaldeko bidean lanak erdizka utzi zituzten, neguagatik, eta orain despedituko dituzte. Bargatik jaisten den urak bideko kaskailu guztia errekara eraman zuen. Orain drenatzea jarriko diote bideari 7.000 euro bideratuz. Azkenik, festetarako 19.000 euro bideratu ditu udalak.