Ioseba Fernandezek Antoniuttiko pista berria probatu du

Guaixe 2019ko api. 3a, 13:02
Argazkia: Oskar Montero.

Iruñeako Udalak Antoniuttiko asfaltoa berritu du eta asfaltoa nola dagoen probatzera Fernandez eta Udaleko ordezkariak bildu ziren

Iruñeako Antoniutti pistan asfalto berria jartzeko lanetan murgilduta daude. Asfalto hori nola geratu den probatzeko Iruñeako Udaleko arduradunak Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarrarekin bildu ziren. Horrela, munduko txapelduna izan denak Antoniuttiko pista berrituari lehendabiziko bueltak eman zizkion. “Xehetasun txiki batzuk badaude, hobetu daitezkeenak, baina pista ongi dago. Bi bihurguneak eraldatu dituzte eta nik uste dut horrek mesede egingo diola txapelketek eskatzen duten erritmo altuari” azaldu zuen irristalari iturmendiarrak.

Bartzelonan uztailean jokatuko diren World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketarako buru belarri prestatzen dabil iturmendiarra. Ondoren, hilabete bat beranduago, Europako Irristaketa Txapelketak jokatuko dira Iruñean, Antoniuttin eta Txantrean, abuztuaren 25etik irailaren 1era bitartean. “Lehendabiziko Mundiala, hori da helburu nagusia. Gero Europakoa dator, eta ikusiko dugu, ea zer dioen selekzionatzaileak” gaineratu du Fernandezek.