Afizionatuen VIII. Iturmendi Trofeoa jokoan igandean

Guaixe 2019ko mai. 10a, 11:20

Iturmendi txirrindularien bilgune izango da igandean.

Urbasa Txirrindularitza Taldeak antolatu du maiatzaren 12rako, goizeko 10:00etan. Aldi berean 23 urtez azpiko eta eliteen mailako Nafarroako Errepideko Txapelketa izango da

Afizionatuen tropela gertu ikusteko aukera izango dugu igandean, Urbasa Txirrindularitza Klubak XIII. Iturmendi Trofeoa antolatu baitu, 23 urtez azpiko eta eliteen mailako lasterketa, aldi berean Nafarroako Errepideko Txapelketa izanen dena eta Euskaldun Torneorako baliagarria izango dena.

Txirrindulariak goizeko 10:00etan abiatuko dira eta guztira 136,8 km osatu beharko dituzte, 22,8 km-ko zirkuituari 6 itzuli eginez. Iturmenditik Altsasura joko dute, Altamira portua igo eta Olaztira jaisteko. Ondoren, Bakaikuraino helduko dira, handik buelta hartu eta Iturmendira heltzeko. Esan bezala, buelta hau sei aldiz beharko dute txirrindulariek. Puntako txirrindulari afizionatuak espero dira. Aurten, ondoko sakandarrak dabiltza afizionatuetan: Josu Etxeberria iturmendiarra (Rural Kutxa-Seguros RGA), Asier Ormazabal ziordiarra (Lizarte), Ailetz Lasa ziordiarra eta Eneko Aramendia iturmendiarra (Euskadi Laboral Kutxa) eta Iker Cerviño eta Alex Uncilla (Telcom).