Dena prest Iturmendiko igandeko Ibizikleta ibilaldirako

Guaixe 2019ko mai. 24a, 14:02

Mank-eko kirol, kulturartekotasun, euskara eta berdintasuna zerbitzuek elkarlanean prestatu dute eguna. 9.30ean abiatuko da mendi ibilaldia eta ondoren tailerrak, ipuinak eta jolasak izango dira.  Jasotako 2. eskuko kirol materiala Iruñeko Elkarri Laguntza elkartearendako izanen da

Olaztiri lekukoa hartuz, aurten Iturmendik hartuko du Sakanako Bizikleta Ibilaldi berezia. Kirola sustatzeaz gain, Sakanan bizi diren beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du, euskaraz aritzeko gonbitea izanen da eta guztia, genero ikuspuntua kontuan hartua. Sakanako Mankomunitateko 4 zerbitzuk hartu dute parte antolakuntzan: kirol zerbitzuak, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, euskara zerbitzuak eta berriki lanean hasi den berdintasun zerbitzua.

Martxa lasaia eta auzatea
Lehenik eta behin, Iturmendi, Bakaiku eta Urdiain artean 7 km-ko txirrindularitza ibilbidea prestatu dute, 9:30ean Iturmenditik aterako dena. “Erraza da, ez ditu aldapa asko eta martxa lasaian joango gara. 10 urtetik gora bakarrik joan daitezke neska-mutikoak, baina 10 urtetik behera helduekin. Familian joateko martxa gomendagarria da” aipatu du kirol zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Bakaiku eta Urdiaindik Iturmendira bizikletan joateko aukera izango da, 9:15ean, Barranka Txirrindulari Taldekoekin. Eurek zainduko dituzte bidegurutzeak. Martxa dohainik da baina bertan aritzeko aurretik izena eman beharra zegoen Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan, asegurua kontratatzeko.

2. eskuko kirol materialaren bilketa
Martxa ondoren, auzate osasuntsua izango da 11:30ean. Tartean, Iturmendin bizi den Marokoko jatorriko familia batek tea eta gozo osasuntsuak eskainiko ditu. Ordurako Iruñeko Elkarri Laguntza elkarteko kideak bigarren eskuko kirol materiala eta arropak jasotzen hasiko dira. Duela 6-7 urte sortu zen elkartea, etxegabetze prozesuak hasi zirenean, Hipotekak Kaltetutako Plataformatik (PAH). “Ikusi genuen behar asko dagoela, prekarietate izugarrian bizi direla familia asko, eta laguntza eman beharra genuela” azaldu du taldeko Mikel Otazuk. Egiten dituzten lanen artean, prekarietate gorrian bizi diren familietako haurrak ikastetxeetara joateko arropa eta materialarekin hornitzen dituzte. ʺIraila hasieran San Francisco eskolatik deitzen digute haurren ekipazioa prestatzeko: anorakak, zapatillak, txandala, motxila, eskola-materiala… 30-40 haur jantzi behar ditugu, eta igandean Iturmendin biltzen duguna izugarri ongi etorriko zaigu” gaineratu du Elkarri Laguntzako Maria Ekizak. Beraz, etxean erabili gabe ditugun arropa, motxilak eta kirol materiala eramateko gonbita egin dute.

Eguerditik aurrera munduko jolasetan jolasteko, ipuin ez sexistak irakurtzeko eta Berri Bikes-eko Joaquinek eta Muruzabaleko Joxik eskainiko duten bizikleta konpontzeko tailerrean parte hartzeko aukera egongo da. Mank-eko presidente David Orozek igandean Iturmendira gerturatzera animatu ditu sakandarrak. ʺEtzi parte-hartzera animatu nahiko nuke jendea: berdintasun baloreekin, euskaraz, Sakanan jaiotako sakandarrak eta kanpotik etorritakoak, guztiok kirol pixkat egin eta ahal badugu lan eder hau egiten duen elkartea laguntzen badugu, egun oso polita atera daiteke” gonbidatu du.