Badator Aitzkozar, aurten Iturmendin

Guaixe 2019ko eka. 14a, 12:53

Iturmendiko Aitzkozar eta Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteek antolatutako herri lasterketa larunbatean jokatuko da, 17:00etatik Aurrera, Iturmendin. Txikienak 17:00etan ariko dira eta proba nagusia 18:00etan hasiko da

Aurten 15 edizio beteko ditu Aitzkozar herri lasterketak. Hasieran Iturmendiko izen bereko elkarteak antolatzen zuen proba, baina duela zenbait urtetik hona Aitzkozar elkarteak eta Bakarrekoetxea elkarteek antolatzen dute proba elkarlanean, Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin. Urtero herri batek hartzen du lasterketa antolatzearen ardura eta aurten Iturmendin izango du irteera eta abiapuntua, bihar, larunbatean.

Lehenik eta behin kategoria txikiko probak jokatuko dira, 17:00etatik aurrera, Iturmendiko plaza inguruetan. Aurrebenjaminak (450 m), benjaminak (560 m), kimuak (800 m), haurrak (1.600 m) eta kadeteak (2.400 m) lehiatuko dira, bata bestearen segidan.

Eta ondoren, 18:00etan, proba nagusia abiatuko da (8,1 km), Iturmendin hasi, Bakaikuraino iritsi eta, atzera ere, Iturmendira itzultzen den zirkuitu gorabeheratsuari bi buelta emanda. Jubenilek helduen proban hartuko dute parte, baina soilik itzuli bat emango diote zirkuituari (4, 05 km).

Aurreko urtean 119 korrikalarik hartu zuten parte guztira, horietatik 63 kategoria txikietan eta 51 proba nagusian. Daniel Sanz (27:38) eta Maite Arratia (32:33) izan ziren txapeldunak, eta Sergio Garcia de Eulate (29:23) eta Erkuden San Martin (37:53) bigarrenak eta lehen sakandarrak.

Sari ematea, oroigarria eta auzatea
Herri lasterketa bukatzen denean, korrikalari guztiek auzate ederra izango dute zain. Antolakuntzatik azaldu dutenez, kategoria guztietan hiru lehendabizikoek trofeoa jasoko dute eta korrikalari guztiei oroigarria banatuko die antolakuntzak.

Izena ematea zabalik
Aurretiazko izena ematea zabalik dago www.dantzalekusakana.com web gunean edo ondoko telefonoetan: 948 562 034 edo 606 398 802. Nolanahi ere, probaren egunean bertan izena emateko aukera egongo da Iturmendiko Aizkozar elkartean, lasterketa hasi baina ordu bat lehenagotik. Prezioa: 5 euro.

Proban parte hartzera animatu dute, lasterketa polita delako, herrikoia, eta giro polita egoten delako. Eguraldi aurreikuspenek eguraldi polita egingo duela diote, eta, hortaz, lasterketak dena izango du alde.

Sakanako Koparako baliagarria
Aitzkozar lasterketa Sakanako Kopa-Lasa Kirolak txapelketarako bigarren proba puntuagarria da, apirilaren 6an jokatu zen VI. Ziordiko Herri Krosaren atzetik. Guztira bost probek puntuatzen dute Koparako. Lasterketa bakoitzean Sakanako 10 korrikalari onenek puntuatzen dute, gizonezkoen eta emakumezkoek. Ziordiko herri krosa jokatuta, egun emakumezkoetan Izaskun Beunza da lehena, Erkuden San Martinen eta Vanesa Galbeteren aurretik, eta gizonezkoetan Javi Moreno dago aurrean, Roberto Jerezen eta Javi Gasanzen aurretik.