Ioseba Fernandezek bere bosgarren Mundialei ekingo die

Guaixe 2019ko uzt. 5a, 13:10
Aurreko World Roller Games mundialetan, Txinan, 100 metroko urrezko domina lortu zuenekoa.

Uztailaren 6tik 14ra Bartzelonan jokatuko diren World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketan ariko da iturmendiarra. Bere bosgarren mundialak izango dira, eta nahiz eta ekainaren 1ean lesioa izan, ʺirabaztera” aterako da Fernandez

Irristalariak Bartzelonara begira daude. Bihar, uztailaren 6an, hasiko da World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketa eta uztailaren 14ra bitartean jokatuko da. Eta bertan ariko da Ioseba Fernandez. Lau aldiz munduko txapeldun izan den iturmendiarrak bere bosgarren Mundialei ekingo die, eta nahiz eta lesio batetik osatzen egon, ʺirabaztera” aterako dela oso argi du.

Iturmendiarrak aspaldi errotulagailuz gorriz markatuak ditu Bartzelonako World Roller Games jokoak. ʺLau urte daramatzat Munduko Irristaketa Txapelketa honetan pentsatzen. Badakit ez naizela nire onenean heltzen eta ezin izan dudala behar bezala entrenatu. Ez dakit abduktoreak behar bezala erantzungo duen, baina saiatuko naiz” azaldu du munduko txapeldunak komunikabide batean.

Igandean 200 metroko sprint txapelketa
Ekainaren 1ean lesionatu zen Ioseba Fernandez, Iruñean jokatutako Espainiako Zirkuituko Txapelketan, 100 metroko sprint proban parte hartzen ari zela, azken metroetan. Proba irabaztea lortu zuen, baina abduktoreko zuntzak apurtu zituen. Tarte labur honetan, eta ia sinestezina bada ere, hausturatik errekuperatzea lortu du lan izugarria egin eta gero. Gogor entrenatzeaz aparte, fisioterapia saioak eta Indiba teknologiarekin saio bereziak egin ditu. Orain, Bartzelonan bere kirol ibilbidea borobildu nahi du, baina ez daki abduktoreak nola erantzungo duen. Horregatik, uztailaren 7an jokatuko den 200 metroko sprint lasterketan ʺ%200era” aritu nahi du, ʺlesioari begira ez delako horren proba agresiboa”, eta proba horretan gorputzak erantzuten dionaren arabera, uztailaren 13an jokatuko den zirkuituko 100 metroko sprint lasterketan aritzea erabakiko du.

ʺBadakit zoramena dela, jendeak esaten dit lehiatzera eta ongi pasatzera joateko. Gehienek pentsatzen dute ia 5 astetan patinak ia jantzi gabe egon eta gero ezinezkoa izango dudala irabaztea, baina nik ez dut esfortzu eta lan handi hori egin soilik Bartzelonara patinatzera joateko. Bartzelonara irabaztera noa” nabarmendu du Fernandezek. Ea zortea alde duen.