Ioseba Fernandez munduko bosgarrena

Guaixe 2019ko uzt. 16a, 13:47

Iturmendiarrak ekainaren 1eko lesioa gainditzeko lan ikaragarria egin du eta World Roller Games mundialetako 100 metroko proban bosgarrena sailkatzea lortu du

Larunbatean World Roller Games edo Munduko Irristaketa Txapelketan abiadurako 100 metroko proba jokatu zen Bartzelonako Passeig de Gracian. Munduko irristalaririk azkarrena nor den erabakitzen du lasterketak eta podiumaren gorenera igo nahi zuen lau aldiz munduko txapelduna eta 11 aldiz Europako txapelduna izan den Ioseba Fernandez Fernandez irristalariak. Iturmendiarrak bazekien aurten erronka zailagoa zuela, ekainaren 1ean Espainiako Zirkuituko Txapelketan 100 metroko sprint proban parte hartzen ari zela lesionatu baitzen. Proba irabaztea lortu zuen, baina abduktoreko zuntzak apurtu zituen. Tarte labur honetan lesioaz osatzeko makina bat sufrikario pasa behar izan ditu: gogor entrenatzeaz aparte, fisioterapia saioak eta Indiba teknologiarekin saio bereziak egin zituen, baina behar bezala entrenatzeko ez du tarterik izan. Hala ere, Bartzelonara ʺirabaztera” joan nahi zuela argi zuen, eta txapeldunek ʺtitulua defendatu behar dutela” gaineratu zuen.

Passeig de Gracia ikusgarrian, Gaudiren La Pedrera-Casa Milá ikusgarriaren parean jokatu zen Munduko 100 metroko lasterketa. Klasifikazio fasean, lauko multzotan lehiatu ziren irristalariak. Ioseba Fernandezek bere titulua berritzeko dena eman zuen, baina bosgarrena sailkatzea lortu zuen (9,518 segundo); bere lesioaz osatzeko egin duen lana ikusita, meritu handiko postua. Beraz, finalen atarian geratu zen iturmendiarra. Final handian, Daniel Greig australiarra izan da munduko txapelduna (9,439 segundo), Jorge Luis Martinez mexikarraren aurretik (9,447 segundo).

Ioseba Fernandezek sentsazio gazi-gozoak zituen. ʺLesioa gainditu dudala uste dut, profesional onenak izan baititut alboan eta lan ikaragarria egin dute. Baina azken 5 astetan entrenatu ez izana handicap handia izan da” aitortu zuen. ʺBartzelonan egon ahal izateko nuen guztia eman dut, saiakeran hustu egin naiz. Alde horretatik, uste dut garrantzitsua dela datozen belaunaldi berriei irakastea kirola ez dela soilik porrota edo arrakasta; etengabe ikasten eta hazten zoazen prozesua baizik” gaineratu zuen.