Kadeteen Iturmendi Saria jokatuko da lehenengoz

Guaixe 2019ko uzt. 16a, 14:36
Urdiaingo festetan ere kadeteen lasterketa antolatu zuen Burunda Txirrindularitza Taldeak.

Burunda Txirrindularitza taldeak antolatu du 61 km-ko proba asteazkenean, bihar, uztailaren 17an, asteazkenean, Iturmendiko festetan

Iturmendik kadeteen mailako lasterketa hartuko du lehenengoz. Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta, bihar, asteazkenean, uztailaren 17an jokatuko da lasterketa, Iturmendiko festetan, arratsaldeko 17:30ean.

Txirrindulariek Etxarri Aranazko bidea hartuko dute. Han, buelta hartu eta Iturmenditik pasako dira, bariantetik jaitsi eta Bakaikun ezkerrera eginez, atzera ere Etxarri Aranatzera helduko dira. Berriro buelta berbera egingo dute: Iturmendi, bariantea, Etxarri Aranatz eta Iturmendi, baina kasu honetan, Iturmendira iristerakoan aurrera egingo dute, eta Ziordiraino heldu. Han, buelta hartuko dute, Olaztin sartu eta Altamira igo dute,  Altamira jaitsi eta Iturmendiko helmugarantz abiatzeko. Proban Burundako Quesos Albeniz eta Aralarko Sakana Group taldeek hartuko dute parte.

Jon Erdozia zazpigarrena Zigoitian
Uztailaren 6an XVIII. Zigoitia Saria jokatu zen, kadeteen proba (45 km). Lasterketa esprintean erabaki zen eta Evolo taldeko Jose Andres Alvarez gailendu zen (1:13:28). Sakana Group-Aralar taldeko Jon Erdozia 7.a eta Aimar Tadeo 12.a sailkatu ziren, biak denbora berean, eta Aitor Ondarra 39.a sartu zen, 7:48ra.