Burundak gorriz jantzi zuen Iturmendi

Guaixe 2019ko uzt. 18a, 11:25

Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Hugo Gonzalezek irabazi zuen kadeteen I. Iturmendi Saria, bere taldekide Mikel Unzilla hirugarrena izan zen eta Quesos Albeniz talderik onena izan zen

Asteazken arratsaldean I. Iturmendi Saria jokatu zen, kadeteen mailako txirrindularitza proba. Burunda klubak antolatu zuen lasterketa, Iturmendiko Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin.

Eguraldia fresko zegoela ekin zioten txirrindulariek lanari. 61 km zituzten aurretik, Iturmendi, Etxarri Aranatz eta Ziordia artean. Hasieran Iturmendiko bariantetik jaitsiz eta Bakaikun ezkerrera eginez Etxarri Aranatzera heldu ziren. Buelta hori bitan egin zuten, eta bigarrenean aurrera egin zuten, Ziordiraino heltzeko. Buelta hartuta, Olaztin sartu ziren txirrindulariak, Altamira igo, Altsasurantz jaitsi eta Iturmendiko helmugaraino jotzeko.

Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeak goitik behera kontrolatu zuen etxeko etapa. Laukote bat iritsi zen batera helmugara eta horietatik bi txirrindulari Quesos Albenizkoak ziren. Egindako lanak fruitua izan zuen eta Burundako taldeko Hugo Aznar gailendu zen Antonio Gonzalez independentearen aurretik. Hirugarrena bere taldekide Mikel Uncilla izan zen, eta laugarrena El Volante jatetxeko Xabier Zabala. 10 segundora, 5. postuan, Sakana Group-Aralar taldeko Martxel Etxeberria sartu zen. Hugo Aznarrek lasterketa irabazteaz gain mendiko sailkapenean lehena izan zen eta Mikel Uncilla, hirugarrena izateaz gain, kadeteen lehen urteko sailkapenean lehena sailkatu zen. Horretaz gain, haien taldekide Jon Chamorrok tartekako helmugen sailkapena irabazi zuen eta, zalantzarik gabe, Quesos Albeniz izan zen probako talderik onena. Beraz, Burunda klubeko Quesos Albeniz taldearen festa izan zen Iturmendikoa, eta gorria izan zen kolorea.

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sergio Lopez (Q. Albeniz) 7.a iritsi zen, Aimar Tadeo (Sakana G.) 13.a, Jon Chamorro (Q. Albeniz) 22.a, Aitor Ondarra (Sakana G.) 41.a, Julen Guerrero (Q. Albeniz) 42.a, Alex Lopetegi (Sakana G.) 44.a, Unax Trevejo (Q. Albeniz) 52.a eta Ander Villalobos (Q. Albeniz) 53.a.