Europako Txapelketak: Ioseba Fernandezek lau urre lortu ditu

Guaixe 2019ko ira. 2a, 13:20

Iruñean jokatutako Europako Txapelketen balorazio bikaina egin du antolakuntzak. Espainiako selekzioa bigarrena sailkatu da, Italiaren atzetik, eta inoizko dominarik gehienak lortu ditu, 54, horietako 4 Ioseba Fernandez iturmendiarrak lortutako 4 urre

Azken aste honetan Europako Irristaketa Txapelketak jokatu dira Iruñean. Atzo despeditu ziren txapelketak, maratoiarekin. Maila handiko txapelketak izan dira, eta irristaketak Nafarroan jarraitzaile asko dituela agerian geratu da. Jendetza hurbildu da Antoniuttiko zirkuitura, Txantreako  pistetara eta Iruñeko kaleetara proba ezberdinak jarraitzera, eta Ioseba Fernandez irristalariak maila bikaina eman du. 

Lau dominak
Espainiako irristaketa selekzioak 54 domina lortu ditu guztira eta Europako txapeldunordea izan da, Italiaren atzetik (65 domina). Horietako 4 domina Ioseba Fernandez Fernandez irristalari iturmendiarrak lortu ditu, urrezko 4 domina, hain zuzen ere. Badirudi ekainean izandako lesiotik behar bezala osatu dela iturmendiarra eta distantzia laburretan onena dela erakutsi du berriz. Izan ere, Bartzelonan uztailean jokatutako World Rooller Games mundialetan bere mailatik behera aritu zen; lesiotik osatzen hastea eta Bartzelonan parte-hartzea bera nahikoa eta sobera izan zen. Baina Europako Txapelketan nola ariko ote zen, jakinmina handia zen.  Txantreako pistan, 200 metroko sprint proban urrezko domina lortu zuen Iosebak (17,018 segundo, bere taldekide Jonathan Galarren aurretik, 17,163 segundo), eta 500 metroko erreleboetan urrezko domina, Ivan Galar eta Patxi Peularekin batera. ʺEz nago nire onenean, baina ez nago gaizki” aitortu zuen Iturmendikoak. 

Ondoren, zirkuituko probetan, Antoniuttin ere hegan egin zuen iturmendiarrak. Lesionatu zen toki berean, bi hilabete beranduago Europako txapelduna izatea lortu zuen 100 metroko sprint proba irabazita (9,971 segundo, urrea, bere taldekide Jonathan Galarren aurretik, 10,044 segundo) eta buelta bateko proban lehena sailkatu eta gero (35,673 segundo, urrea, Valentin Thiebault frantziarraren aurretik, 35,737 segundo). Azken proba honetan, buelta bateko proban, irabazi eta gero erorikoa izan zuen Iturmendikoak. Ioseba Fernandezek azaldu zuen ilusio gehien eman zion urrea buelta bateko probakoa izan zela, eta erorikoarengatik behar bezala ospatu ez izateak ʺamorrua” eman ziola. 

Nolanahi ere, balantzea bikaina da. Oso pozik dago Espainiako selekzionatzaile Garikoitz Lerga nafarra. ʺAmetsa izan da. Orain arte inoiz ez genituen 54 domina lortu. Iaz 38 domina lortu genituen eta helburu hori jartzea gehiegizkoa ere iruditzen zitzaigun eta hara, 54 lortu ditugu. Taldean egin dugu lan, lasterketa bakoitza bikain prestatu dugu eta hasierako helburuak oso goitik gainditu ditugulako oso harro daude” adierazi zuen. 

Erretiroa?
Ioseba Fernandezek erretiroa hartuko duenaren zurrumurruak handiak dira, baina Garikoitz Lerga selekzionatzaileak ez zuen horri buruz ezer esan nahi izan. ʺIoseba nire taldean izan nahiko nuke beti, oso handia delako, bikaina, baina hori berak erabaki beharko du. Jarraitu nahi badu, gure babes osoa izango du, baina utzi nahi badu, bere erabakia errespetatuko dugu” azaldu zuen selekzionatzaileak. Iturmendikoak esana du denbora behar duela erabaki hori hartzeko. Izan ere,  berak argi du Iruñekoa bere azken Europako Txapelketa izango dela, baina Kolonbiako Mundialean ariko den ala ez oraindik ez du erabaki. Irristalari nafarrak adierazi zuenez, berari ʺhoberenen kontra” aritzea gustatzen zaio eta Europako Txapelketetan ʺbi izen handi” falta ziren bere ustetan. ʺHorregatik, aurten ezin izan dut nahi nuen bezala irabazi ahal izan, eta horregatik erretiroa hartzea edo jarraitzea birplanteatzen ari naiz” aitortu zuen.