Josu Etxeberria bigarrena izan da Kantabriako Itzulian, liderrarekin berdinduta

Guaixe 2019ko ira. 5a, 11:20

Afizionatuen mailako 3 etapako Kantabriako Itzulian puntan ibili da Rural Kutxa-Seguros RGAko txirrindulari iturmendiarra. Afizionatuen bere lehenengo urtean primerako debuta egin du eta Palenciako Itzulian afizionatuen bere lehendabiziko proba irabazi zuen

Kadeteen eta juniorren mailan Josu Etxeberria iturmendiarra irabazten ikustera ohituak geunden. Aurten afizionatuetara egin du salto Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin eta maila berrira egokitzea, hori zen helburua. Baina iturmendiarrak kategoriari berehala harrapatu dio tamaina eta ez hori bakarrik, tropel honetan ere bera aurrean ikusten hasiak gara. Bigarrena izan zen Antzuolan eta abuztuan jokatutako Palenciako Itzulian afizionatuen mailako bere lehen garaipena lortu zuen Josuk, meritu handikoa. Palenciako itzuliko 4 etapetatik 3 Rural Kutxako txirrindulariek irabazi zituzten eta Itzulia talde sakandarreko Oier Lazkanok. 

Egunotan jokatu den Kantabriako Itzulian denboraldiari ginda jartzekotan egon da Josu Etxeberria. Lehendabiziko etapan Lizarteko Francisco Galvanekin batera iritsi zen helmugara Josu Etxeberria eta esprint oso estuan Galvan gailendu zen iturmendiarraren aurretik. Ondoren jokatutako bi etapetan egoerak berdin jarraitu du eta, azkenean, Francisco Galvanek irabazi du Kantabriako Itzulia eta Josu Etxeberria bigarrena izan da, biak denbora berdinarekin (10:42:44). Horrela jarraituz gero, afizionatuetan zeresan asko ematen jarraituko du iturmendiarrak.