Bi hamarkadetako emisioak ospatzeko

Guaixe 2019ko ira. 20a, 14:35

Eztanda Irratiak (FM 107,6 edo www.eztanda.com) 20. urteurrena ospatzeko musika jaialdi handia antolatu du

Iturmendiko irrati libreak bere urteurrena ospatzeko musika jaialdi handia prestatu du Iturmendiko Gazte Asanbladak (IGA) larunbaterako. Jaialdiaren aurretik bazkaria izanen da eta 115 pertsona elkartuko dira mahaiaren bueltan. Bai bata bai bestea frontoian izanen dira. Eztanda Irratiak gaur egun saio propioekin eta beste irratien saioen errepikapenarekin osatzen du bere programazioa. Hala, ostegunetan 20:00etan Sakandarrock saioa entzun daiteke. Ostiraletan, 13:00etan, Click bat. Bestetik, astegunetan, 10:00etatik 11:00etara, Iruñeko Eguzki Irratiaren Pasealeku saioa zabaltzen du. Hura despedituta, 11:00etatik 13:00etara Gasteizko Hala Bedi Irratiaren Suelta la Olla saioari ematen diote txanda. Gainontzeko orduak musika eskaintzarekin betetzen dituzte. Saioa egin nahi dutenek irratiko arduradunekin harremanetan jarri beharko dute. 

Atzera begira
IGAren abaroan sortu zen Eztanda Irratia 1999ko udan, haiek diotenez, “inolako helbururik gabe abiatu zen proiektua”. Artisau eran egindako emisore batek zabaldu zituen Iturmendiko irrati librearen aurreneko uhinak. Udalak udaletxean utzitako lokal batetik hasi ziren igortzen. Baina han ez zuten asko iraun, eraikinean lanak egin behar zirela eta lekualdatzera behartuta izan zen irratia. Udal baskula zaharreko etxolan hartu zuen irrati libreak aterpe eta handik urteetan aritu ziren Sakana guztirako euren musika eta saioen eskaintza zabaltzen. 

Web gunearen bidez uhinetik mundu osora igortzera pasa ziren pasa den hamarkada hasieran. 2014eko garagarrilean web orria berritu zuten eta euren 15. urtemuga zela baliatuz app berria mustu zuten (Eztanda Irratiapp). 2018ko urte hasieran sutea izan zen irratiaren baskulako egoitzako estudioan eta tresneria kaltetu zen. Eta joan den urtean hura berritzeko hainbat ekimen egin zituzten IGAkoek. Sutea eta gero udalak utzita behin behinean lokal batean jarri zuten estudioa baina, gaur egun, Eztanda Irratiaren estudioa eskolak ziren eraikinean dago. 

Egitaraua
14:30ean Bazkaria. 
20:30ean Mugi Panderoa erromeria. 
22:30ean Kota 0 (bertsioak)
00:00etan Los Zopilotes Txirriaos
01:45ean Ezetaerre. 
03:30ean Tirry & Tery dj-ak.