Txirrindularitza

Eneko Aramendiak txirrindularitza uztea erabaki du

Guaixe 2019ko urr. 24a, 11:34
Argazkia: Natxo Matxin FOKU.

Afizionatuen bere laugarren urtea egin eta gero hartu du erabakia Goierriko TB-Laboral Kutxako txirrindulariak. Aurten bere afizonatuen palmaresa mustu zuen Laukizko Udal Saria irabazi eta gero

Eneko Aramendiak sare sozialen bidez azaldu du txirrindularitza uzteko erabakia. “Txirrindularitzari agur esateko ordua, 15 urteren ondoren. Beti dena emateaz harro eta jende askori eskertua. Jende ikaragarria eta leku ezberdin asko ezagutu ditut, baita esperientzia ikusgarri asko bizi ere. Etapa berri bat hasteko ordua iritsi da”. 

Eneko Aramendia (Iturmendi, 1997) Burunda klubean trebatu zen eta Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin egin zuen salto afizionatuetara. Rural Kutxa-Seguros RGA taldean hiru urte aritu eta gero, aurten Goierriko TB-Laboral Kutxa taldera egin zuen salto Aramendiak. Martxoaren 23an afizionatuen bere lehenengo lasterketa irabazi zuen, XXIV. Laukizko Udal Saria, eta adierazi zuenez, “garaipenagatik baino, bere burua peleian, borrokan ikusteagatik” poztu zen gehiago. Ondoren, Beasaingo Loizaz proba ezagunean hirugarrena izan zen, Nafarroako Itzulian bigarren nafarra, eta ekainaren bukaeran Espainiako Txirrindularitza Txapelketan aritu zen Nafarroako selekzioarekin. 23 urtez azpiko lasterketan zazpigarrena izan zen. 

Denboraldi ona egin du iturmendiarrak, baina bizikleta uztea erabaki du. Robotika Goi Zikloko ikasketak bukatuak ditu, aurten buru belarri aritu da bizikletan, eta berak esan bezala, “etapa berri bat hasteko ordua iritsi da”. Onena opa diogu.