Udazkeneko azoka antolatu dute

Guaixe 2019ko urr. 25a, 12:53

Taloak frontoian prestatu behar izan zituzten 2014an.

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako.

Udazkeneko festa ospatzen da urtero Iturmendin. Aurtengoari bultzada berezia eman diote Kultur Batzordeak eta Iturmendiko Gazte Asanbladak. Hasteko, artzain txakur trebezia erakusketa izanen da Txorralden, 11:00etan. Xabier Lakuntza Ttiki txakurrarekin arituko da, Alejandro Ibarra Mendirekin eta Endika Zubieta Suarekin. Bestetik, Konsistorial kalean herrikoen azienda ikusteko aukera izanen da: zaldiak, ardiak, ahuntzak eta astoak. 

Udazken festa guztietan ohikoa da talo postua egotea eta oraingoan ere arto irinez egindako opilek ez dute hutsik eginen. 12:30ean plazan izanen dira. Haurrek taloa egiten ikasteko txokoa ere izanen da. Gainera, mikologia eta botanika erakusketa prestatu dute. Iturmendiarrak azken erakusketa horretarako landareak eta barazkiak eramatera gonbidatu dituzte. Goizekoa biribiltzeko herri bazkaria antolatu dute, zikiro eta guzti. 50 pertsona elkartuko dira mahaiaren bueltan 15:00etan. Ondoren bingoa izanen da. Eguna borobiltzeko, 20:00etan, pintxo-potea izanen da. Eguna borobiltzeko Ximona gaztetxean ogitarteko-jana eta musika izanen dira.   

Pintxo-potea 
Iturmendiarren topaleku bihurtu da hileko azken ostiraletan egiten den pintxo-potea. 20:00etatik 22:00etara Aritzaga, Aitzkozar eta jubilatuen elkarteek eta Ximona gaztetxean pintxo-potea izaten da. Gaztetxekoak lau urte daramate horretan eta azken aldian gainontzekoak batu zaizkie, iturmendiarrak bildu eta herriari bizia emateko modu gisa hasi zen. Bihar ospakizuna dagoenez herrian pintxo-potea ostiraletik larunbatera aldatu dute.