Udazken festaren itzulera ederra

Guaixe 2019ko urr. 31a, 15:31
Taloen usaira jendea poleki bildu zen plazan.

Bi urteko etenaren ondoren talo festa arrakastaz bueltatu zen .

Giro ederra sortu zuen udazken festak Iturmendin larunbatean. Eguraldia, lagun, herriko gazteak arduratu ziren guztia antolatzeaz. Eta iturmendiarrez aparte, aldameneko herrietatik ere hurbildu zen jendea. Jendearen erantzunak ezustean harrapatu zituen antolatzaileak. Gorka Rubiok azaldu zigunez, “lehen talo eguna egiten zen eta berreskuratzeko aurten gauza berriak sartzen saiatu gara”. Nahia Nuñezek argitu digu bi urte zirela eta berreskuratzea “ideia ona” iruditu zitzaien, “herrian denak batera egoteko”. 

Gazteak 09:30ean hasi ziren guztia prestatzen. Egitaraua artzain txakurren trebezia erakustaldiarekin zabaldu zen. “Herrian egiten den aurreneko aldia da” gaztigatu zigun Nuñezek, eta jendea poliki bildu zela. Lau artzainek haien eta txakurren arteko komunikazioaren erakustaldia egin zuten. Bazkal garaira arte Konsistorial kalean Iturmendiko aziendaren erakustaldia izan zen: oiloak, astoak, ardiak, indioilarrak, untxiak. Eguerditik aurrera gazte talde bat taloak egin eta egin aritu zen plazan. Gazteetako batzuk bazuten talogintzan eskarmentua, beste batzuk gurasoengandik ikasi zuten aurrekoan. Gainera, zilarrezko tazetan ardoa banatzen egon ziren ere. Jan-edanak jendea erakarrik zuen. 

Taloen bueltan giroa sortu eta ondoren 75 pertsonendako zikiroa prestatzen hasiak ziren. Bazkariaren ondorengoa pintxo-potearekin eta gaztetxeko dj-ren saioarekin lotu zuten, festa ordu txikiak arte luzatzeko.