Obretako makinak bueltan izanen dira aurki

Guaixe 2019ko aza. 4a, 11:03
Udazkeneko festan azienda Konsistorial kalean jarri zen.

Estafeta, Elizalde, Arrano Beltza, Konsistorial eta Zirrinkale kaleetako sareak eta zorua berritzearekin batera, berokuntza sistemaren lanen aurreneko fasea egiteko ere baliatuko da.

Iturmendiko alkate Victoriano Gabirondo Lanzek azaldu digunez, “berehala” hasi nahi dituzte herrian egin beharreko lanak. Zehazki, Estafeta, Elizalde, Arrano Beltza, Konsistorial eta Zirrinkale kaleetako euri uren eta ur beltzen sareak banatu eta gainontzeko sareak eta zorua berritzea, kaleotako argiteria publikoko kableak lurperatu eta egungo bonbillak LED argiengatik ordezkatzea eta berokuntza sistemako hodiak jartzea. Lanak Construcciones Beroste SA enpresak eginen ditu 346.500 euro (BEZ kanpo). Lanak egiteko hiru hilabete izanen ditu enpresak. Beraz, udaberrirako kaleak mustutzeko aukera izanen dute iturmendiarrek. 

Sareak eta zorua berritzeko lanen % 70 Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planaren bidez pagatuko du udalak. Sakanako Mankomunitatearen ardura da urarekin zerikusia duten sareak eta horregatik 56.800 euro inguru jarriko ditu. Gainera, kaleotako argiteria publikoko kableak lurperatu eta egungo bonbillak LED argiengatik ordezkatzeko Iturmendiko Udalak 40.000 euro ditu jasoak aurrekontuan. 

Berokuntza sistema 
Enpresak egiteko lanen artean dago berokuntza sistemako hoditeria jartzea ere. Gabirondok azaldu digunez, lan horiek proiektu handiago baten aurreneko fasekoak dira. Izan ere, udalaren asmoa da herriko basoetako egurra ezpal bihurtzea eta berokuntza sistema zentral baten bidez udaletxea, eskola zaharra eta gaztetxea berotzea eta ur beroa eramatea. Horretarako, lurpean bi hodi zabalduko dituzte. Lanak eginen diren kaleetako etxejabeek ere aukera izanen dute euren etxebizitzak sistema horretara lotzeko. Horrela, etxea berotu eta ur beroa jasotzeko aukera izanen dute. Horretarako, etxe bakoitzaren parean arketa jarriko da, bi hodietarako lotura egiteko aukera izateko. 25 bat etxe dira, baina berokuntza sarea herri guztira zabaltzea ez du baztertzen udalak. 

Erregai fosilen kontsumoa murrizteko planaren barruan Iturmendiko berokuntza sistema lanek Europatik % 50eko dirulaguntza jasoko dute, eta beste % 30 Nafarroako Gobernutik. Berokuntza sistemako hodiak joan den urtean erosi zituen udalak. Garbirondok azaldu digunez, proiektuaren hurrengo faseak dira nabe bat jasotzea eta han biomasa galdara jartzea. Azken hori, herriko basoko egur ezpalduarekin funtzionatuko du. Urteko 109.000 tona ezpal lehor edo 150.000 tona ezpal berde beharko dira berokuntza sistema elikatzeko. Halako sistema du Arabako Mendialdeko Sabando herriak.