Irristaketa

Munduko errekorra apurtu du berriz

Guaixe 2019ko aza. 23a, 12:33

100 metroak 9.55 segundotan egin zituen Ioseba Fernandez irristalariak larunbatean Marbellan, Marca Sport Weekend kirol-ekitaldian

Marbellak Marca Sport Weekend hartu zuen aurreko asteburuan. Bertan parte hartu zuen Ioseba Fernandez Fernandez irristalari iturmendiarrak, lautan munduko txapelduna eta hamasei alditan Europako txapelduna izan den puntako irristalariak. 

Marbellako itsas pasealekuan prestatutako 100 metroko zuzenean munduko errekorra hobetzeko bi saiakera egin zituen Ioseba Fernandezek. Lehenengoan 9.80 segundotan gelditu zuen kronoa, eta bigarrenean hura apurtu eta 9.55ean gelditu zuen. Usain Bolten Berlineko marka 9.58koa da. 

Bukaeran, kontentu zegoen irristalari iturmendiarra. “Ez nuen errekorra hobetzea espero, ez banago nire sasoirik onenean, denboraldia abuztuan bukatu nuelako, atseden hartu eta soilik 3 aste daramatzadalako entrenatzen. Eta aipatzekoa da ere haizea alde izan nuela probako bukaera aldera. Nolanahi ere, pozik nago eta oso kontentu ekitaldiak izan duen jarraipenarekin, ikusle ugari hurbildu baitira. Irristalari zaleak izaten dira normalean gure probak jarraitzera hurbiltzen direnak eta kasu honetan ez da hori gertatu, ikusle gehienek ez zuten irristaketa ez ni ezagutzen. Beraz, oso pozik” azaldu zuen bukaeran.