Josu Etxeberria

“Noizbait txirrindulari profesionala izatea, hori da nire ametsa”

Maider Betelu Ganboa 2020ko ots. 7a, 12:36

Amateur mailan bere bigarren urteari ekiteko prest dago Josu Etxeberria Azpilikueta (Rural Kutxa-Seguros RGA). Bihar hasiko du denboraldia, Lorcan.   

Burunda klubarekin hasi zinen txirrindularitzan. Ondoren, Aralar klubean egin zenituen kadete eta junior mailak, eta 2019an Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin egin zenuen salto afizionatuetara. Guztiak, talde sakandarrak.
Bai, hala da. Jubeniletan ongi ibili nintzen, eta hainbat garaipen lortu nituen, Gipuzkoako Itzulia eta Iruñeko Itzulia tartean. Bestalde, Rural Kutxakoak hasieratik izan ditut nire ondoan, laguntza ematen, eta azkenean pausuz pausu honaino ekarri naute. Etxeko taldea da, eta oso pozik nago Rural Kutxan nagoelako. 

Joan zen urtean debutatu zenuen amateur mailan. Garaipen bat lortu zenuen, Palentziako Itzuliko azken etapa, eta 15 probatan lehen 10 postuen artean edo Top-Tenean sailkatu zinen. Zer nolako balantzea egiten duzu?
Azkenean oso ondo atera zen. Hasieran gaizki pasa nuen; maila banuen, baina zorterik ez. Eta denboraldi amaieran Palentziako Itzuliko azken etapa irabazi nuen, eta ia lasterketa guztietan Top-Tenean nengoen. Denboraldia ongi bukatzea oso polita da. 

Horrenbesteko saltoa al da junior mailatik afizionatuetara doana?
Bai. Niretzat saltorik handiena da. Juniorretan zure adineko jendearen aurka edo gehienez urte bat zaharrago direnen kontra aritzetik, zu baino askoz helduagoak direnen kontra aritzera pasatzen zara. 19 urte ditut eta 26 urte duen jendearekin aritu naiteke. Azkenean maila handiagoa da, eta dena aldatzen da, lasterketan aritzeko modua baita. Maila honek askoz gehiago eskatzen du. 

Tamaina hartu al diozu amateurren mailari?
Nik konfiantzarekin bukatu nuen aurreko urtea, irabazteko postuetan sartuta. Uste dut nahiko ongi egin naizela kategoriara. 

Aurtengoa, afizionatuen bigarren urtea, beste esperientzia batekin hasiko duzu. Zein da helburua?
Beti bezala, ahal ditudan lasterketa guztiak irabaztea. Nire ametsa profesionaletara pasa ahal izatea da, eta, ahal izanez gero, beste mundial bat korritzeko aukera izatea.  
Badirudi oso argi duzula txirrindulari profesionala izan nahi duzula. 
Bai. Orain arte ikasten aritu naiz, eta Erdi Mailako gradu bat atera dut. Aurten soilik bizikletan ariko naiz; probatuko dut, eta ea zer pasatzen den. Txikitatik txirrindulari profesionala izatea nahi izan dut, eta nik horretarako egiten dut lan; hori da nire ametsa. Gero lortu edo ez lortu, joango gara ikusten, baina dena eman behar da. 

Zure egun normal bat nolakoa da?
Goizeko 8:00etan esnatzen naiz, gosaldu egiten dut eta ondoren lasai egoten naiz tarte batean. Izan ere, entrenatu aurretik lasai egotea gustatzen zait. Eta ondoren arropa, bizikleta eta beharrezkoak direnak prestatu eta entrenatzera joaten naiz. 

Zenbat ordu entrenatzen dituzu?
Egunaren arabera. Entrenamendu normalak hiru orduren bueltan daude, eta entrenamendu on eta luze bat 5 ordu pasan, ia 6 ordutan. 

Astean atseden egunik hartzen duzu?
Bizikleta utzi, inoiz ez  (kar, kar...). Guretzat deskantsua da ordutxo pasako buelta bat lasai ematea. 
Eguraldi txarra egiten badu errodilloan edo arrabolean ibiltzen zara? Edo nahiago duzu

Mediterraneo aldera joan eguraldi onaren bila?
Oraintxe errodilloan nago (kar, kar...). Hemengo neguak gogorrak dira, eta nik nahiago dut errodilloa egin. Ilbeltzaren bukaeran Rural Kutxarekin Mediterraneoan izan ginen eta han ondo entrenatu genuen. 

Eta nola zaude? Sasoi betean?
Bai. Ilbeltzaren 18an, Mallorcan, erorketa izan nuen pistan. Zorionez susto bat izan zen, ezer larririk ez, eta ongi  nago entrenatzen. Asteburu honetan hasiko dut denboraldia, Murtzian, larunbatean Lorcan jokatuko den 3. Guadalentin Itzulian. 

Iturmendin Santa Ageda ospatzen eta zu Murtzian?
Bai, aurten horrela tokatu da. Txirrindulariak ohituta gaude gauza hauetara…
Rural Kutxak talde profesionala du, eta etxean talde profesionala izateak zer edo zer erraztuko du profesionaletara pasatzeko kontua; ate bat baduzue.
Hemen ez dago sekreturik. Maila baduzu eta urtea ongi badoakizu, azkenean taldeak aukera bat emango dizu. Igual beste talde batean egonda, han berdina ibilita eta maila berdina izanda, askoz zailagoa da profesionaletara igotzea. Nik uste dut horretarako talde bikainean nagoela. 

Pistan ere aritzen zara.
Urtero egiten dut pista, gehienbat neguan, errepideko denboraldia hasi aurretik maila hartzeko. Pistak txirrindulari osoago bat egiten nau.  

2019ko Nafarroa Itaroa Challengean bigarrena sailkatu zinen eta Lehendakari Txapelketan 11.a.
Niri gustatzen zait urte hasieratik bukaerara arte nire maila ahalik eta hobekien mantentzea, ez pikoak egitea. Egunez egun eta lasterketaz lasterketa joanda, urte bukaerako sariak daude, eta bertan saritzea gauzak ondo egin dituzula esan nahi du. 

Nola definituko zenuke zure burua txirrindulari gisa? 
Ez nago alor konkretu batean espezializatuta, todoterrenoa naiz. Denetan ondo ibiltzea gustatzen zait, eta nire ahultasunak eta hobetu egin behar ditudan gauzak lantzen ditut, ahalik eta txirrindulari osoena izateko. Horretarako egiten dut lan.

Zorte ona izan dezazula!
Eskerrik asko!