Iturmendiarrek joan zen urtean inauteri egutegian aldaketa egitea erabaki zuten. Ordura arte igandean ospatzen zen eta haur-ihotea zena larunbatera aurreratu eta hiri-inauteri bilakatu zen. Eta horixe ospatuko dute bihar. Iturmendiko kultur batzordeak eta gazte asanbladak prestatu dute egitaraua. Bihar 14:30ean mozorrotuak bazkaltzera elkartuko dira Aitzkozar elkartean. 17:30ean txokolate-jana izanen da. Mozorrotuen kalejira 18:30ean eginen da. Ibilbidean zehar Ximona gaztetxean geldialdia eginen dute, poteatzeko. Kalejira despedituta mozorrotuendako ogitarteko afaria izanen da. Parrandak ordu txikiak arte iraunen du.
Asteartean herri-ihotearen txanda izanen da. 18:00etarako txokolate-jana prestatu dute. Jendea plazan elkartu ondoren, handik eta hemendik, kitomoxorroak agertuko dira. Lastozko txanoa buruan, aurpegia estalita, zakua soinean eta zigorra eskuan. Harekin harrapatzen dituztenak berotzen ariko dira. Gosetu direnendako afaria izanen da Aitzkozar elkartean, 21:30ean.