Joan den urtean 687.660,02 euroko aurrekontua izan zuen Iturmendiko Udalak. Normalean izaten duenaren bikoitza. Horren arrazoia zen Konsistorial, Zirrinkale eta Elizalde kaleetako lanen aurrekontua bertan jasoa zegoela. Lanak heldu den hilaren akaberarako despeditzea aurreikusten dute udalean. Bitartean, jarduneko udalak aurtengo 326.197,36 euroko aurrekontua onartu du, joan den urtean baino 361.462,66 euro txikiagoa.
Jarduneko aldaketa Victoriano Gabirondo Lanzek azaldu duenez, “gurea bezalako herri txiki batean hiru kaleetako lanak egiteak diruzaintza husten dizu eta inbertsio gehiago egiteko ez du uzten”. Lan horiekin batera jarri nahi duten berokuntza sistemako ur beroko hodiak jarri dituzte. Sistema guztiz ezartzeko gaztetxe ondoko eraikin batean bi komunitate-galdara jarri beharko lirateke. Baina aurten ez dituzte erosiko. “Berokuntza sistemarako dirulaguntza eskatu genuen eta ez ziguten eman. Aurrera egiteko dirulaguntza bilatuko dugu”.
Gabirondok jakinarazi duenez, basoan aziendarendako bi aska jarri eta ura eramateko diru-laguntza eskatu dute. “Bigarren aldia da eskaera egiten duguna. 10-15.000 euro inguruko aurrekontua luke”. Bestetik, Sanpedroaldeko bidea konpontzeko 6.000 bat euro bideratu dituzte. Jarduneko alkateak azaldu duenez, “bargatik jaisten den urak bideko kaskailu guztia errekara eraman zuen. Joan den urtean drenatzea jarri genuen eta konpondutako bide zatiaren ondoan mugitu zen kaskailua eta berriro konpondu behar izan dugu”. Joan den urteko lana dirulaguntzarekin egin bazuten, aurtengoa ez.