Walid eta Zakaria (asmatutako izenak) marokoarrak dira eta garagarrilera arte Iturmendiko behaketa- eta harrera-zentroan egon dira. Gaur egun biak Martzillan dagoen zentroan daude. Walidek 16 urte ditu; bat gehiago Zakariak. Aurrenak azaldu digunez, sorterria utzi zuen “han bizia ez zelako ona”. Zakariak, berriz, sortetxea “bizi hobea bilatzeko” utzi duela jakinarazi digu.
Walidek ez du bere migrazio prozesuaren zehaztasun handirik eman nahi izan. Jakinarazi digun bakarra da “bidaia, gutxi gorabehera, ongi joan zela”. Itsasontzi batean estali zen Gibraltarko itsasartea pasatzeko. Zakariak bi bidaia egin zituen: “aurrenekoa oso zaila izan zen; bigarrena errazagoa”. Kamioi baten azpian estalita egin zuen zeharkaldia. Maroko atzera utzi ondoren egin zuten aurreko gauza gogoratzen ote duten galdetuta, Walidek familiari hots egin ziola esan digu. Bizi seinalea eman nahi izan zien gertukoei horrela. Zakariak, berriz, kamioi azpian muga pasa eta horrek eskatu zion ahaleginagatik “oso nekatuta nengoen eta lo egin nuen” aitortu du.
Zakaria ilbeltzean iritsi zen Iturmendira eta Walid, berriz, otsaileko arratsalde batean. Azken horrek bazekien gaztelania pixka bat eta hura hobetu du Iturmendiko behaketa- eta harrera-zentroan. Zakariak, berriz, ez zekien eta han ikasi zuen. Biak orain Martzillan daude eta zein asmo dituzten azaldu digute: gaztelania ongi ikastea Waliden kasuan, eta ikastaroren batean zerbait ikastea Zakariaren kasuan. Bere helburua ikastea eta lana opatzea baita.