Miriam Goikoetxea Esquisabel iturmendiarra Kultur Batzordeko kidea da. Batzordea baino, festak eta herrian "gauzak" antolatzeaz arduratzen den taldeko kidea da. "Herriko boluntario talde bat gara. Herrian zerbait izan dezagun aritzen gara". Herritar guztiendako ekimenak antolatzen dituzte. "Pena eta amorrua" ematen badie ere, aurten ez dituzte festak ospatuko, eta ez dute ekimen sinbolikorik antolatuko ere. Maiatza ere ez zuten jaiki, eta plaza hutsik ikusi ondoren "ez zara ohitzen, baina onartzen" duela esan du Goikoetxeak.
Guraso talde batek, jubilatuen elkarteak, gaztetxeko gazteek eta Iturmendiko Aritzaga eta Aitzkozar elkarteek parte hartzen dute Kultur Batzordean. "Inauteriak, festak eta abarrak antolatzen ditugu. Festetan haurrendako gauzak izateko lan egiten dugu, jubilatuek beraiendako gauzak antolatzen dituzte, gazteek kontzertuak eta ekimenak antolatzen dituzte…". Herriari bizitza emateko eta "kalera ateratzera motibatzeko" lana egiten du batzordeak.
Kultur taldea
"Lehen bazegoen udaleko kultur batzordea, benetako batzordea zena, baina denbora pila bat egon zen eta aspertu ziren. Erreleboa behar zuten". Baina inork ez zuen batzordean parte hartu nahi. "Ez da lan handia, baina bai erantzukizun pixka bat eskatzen duena. Festak iristean dena antolatu behar izatea, eta, gainera, beti dago norbait esaten duena zergatik antolatu duzuen hau eta ez bestea, berari ez zaiola hori gustatzen…". Herria, beraz, antolakuntzarik gabe gelditu zen. "Jende talde bat animatu ginen. Ahal genuen heinean egingo genuela pentsatu genuen. Gogotsu aritzen gara, asko jakin gabe". Taldean ez direla asko esan du Goikoetxeak, eta kultur taldean parte hartzera gonbidatu ditu iturmendiarrak. "Ahalik eta jende gehien etortzen bada, ideia gehiago eta berriak izango ditugu". Hala ere, gustura daudela onartu du. "Talde bakoitza ordezkatuta dago eta horrela, gutxi gorabehera, herri osoa dago islatuta".
Udako festak antolatu beharko zituzten orain, baina aurten, Sakanako herri guztietan bezala, ez dituzte festak ospatuko. "Egoera arraroa zaila eta arraroa da guztiendako, eta beldurra ematen du". Hortaz, udalak eta batzordeak "ezer ez" antolatzea erabaki dute. "Ez da momentua. Egokitu zaigun egoera da". Goikoetxeak herriko adineko jendearekin hitz egin du, eta komentatzen dutenez, "ez dute gogoan herriko festak aurretik bertan behera utzi izana. Inoiz ez. 1936ko gerran ere ez ziren gelditu. Batzuek diote inauteriak gerra garaian eten zirela, baina festak ez".
Lehenengo aldiz ez dituzte Karmengo festak ospatuko. Karmen Iturmendiko zaindaria da. Lehen festek hiru egun bakarrik irauten zutela esan du Goikoetxeak: Karmengo eguna, uztailaren 16an; hurrengo egunean, uztailaren 17an, mozo-aren eguna ospatzen zuten; eta, azkenengo egunean, uztailaren 18an, Santa Marinara igotzen ziren. "Hor bukatzen ziren. Baina gero bi egun gehiago jarri ziren: haurraren eguna eta jubilatuaren eguna. Festa egun gehiago izateko". Gaur egun, oraindik mantentzen dira uztailaren 16an egun handia izatea eta 18an Santa Marinara igotzea.
"Saiatzen gara beti betikoa egiten. Egia esan, lehen zegoen kultur batzordeak oso ongi egiten zuen, eta oso ongi antolatuta zeuden festak. Geu ere antzekoa egiten saiatzen gara". Goikoetxeak azaldu duenez, haien arazo nagusia udalaren aurrekontu "txikia" da. "Iturmendi herri txikia da eta ez dago industriarik, ez tabernarik… orduan, udalak aurrekontu oso txikia izan ohi du. Dagoenarekin moldatzen gara". Diru faltari sormenaren bidez egiten diote aurre: "Modu boluntarioan egiten ditugu gauzak. Haurrendako gauza handiak ekarri ezin baditugu, guk antolatzen ditugu jokoak; jubilatuek haien gauzak antolatzen dituzte, eta gaztetxekoek izugarri ematen dute herrian, gauza asko egiten dituzte". Festa oso herrikoiak dira, "familia artekoak".
Santa Marina igotzearekin batera, Iturmendiko festetan falta ez den beste ohitura bat auzatea da. "Egun bakoitzean herriko talde batek egiten du. Guztion artean saiatzen gara zerbait ematen". Egun batean beheko elkarteak ematen du auzatea, hurrengoan goiko elkarteak, haurren biltokiak… "Aurrekontu txikiari buelta emateko modu bat da". Gainera, ardoaren banaketa auzolanaren bidez egiten dute. "Urtean zehar egiten ditugun auzolanetan, batzuei festetan ardoa banatzea tokatzen zaie". Bakoitzak zerbait ematen du.
Iturmendiko festak "oso politak" direla uste du Goikoetxeak. "Gu oso gustura egoten gara". Batzordearen helburua betetzen dela esan du: "Jendeak parte hartzen du eta herriari bizitza ematen diogu".
Maiatzarik ez
"Nik oso gaizki pasa nuen maiatzaren 1ean, Maiatza jartzen dugun egunean". Goikoetxea plazatik pasa zela eta "negar egiteko gogoa" eman ziola aitortu du. "Sentsazio oso arraroa izan zen". Ondoren, maiatzaren 8an, San Miguel eguna ospatu behar zuten, baina horretan ere ez zen ospakizunik egon. "Maiatzagatik pixka bat ukituta nengoenez… ez zara ohitzen, baina nolabait onartzen duzu. Orduan, orain festak etorriko dira, eta ez ditugula ospatuko onartu beharko dugu".
Maiatza da Goikoetxeari herriko ospakizunetatik gehien gustatzen zaiona. "Sinbolismo handia du". Etxarri Aranatzen eta Bakaikun mendian altxatzen dute, eta Iturmendin herriko plazan altxatzen dute zuhaitza; "herriaren erdian, etxeekin eta… oso polita da". Maiatzaren ohitura urrunetik datorrela azaldu du Goikoetxeak, eta kintoekin lotura du. "Kintoek plazan altxatuko zen zuhaitza aukeratzen zuten, zuritzen zuten, eta, ondoren, behin maiatza pasata, egur hori saltzen zuten". Soldaduskara joan behar zirenez, egur horren salmentarekin familiak laguntzen zituzten. Maiatza, beraz, kintoena zen. "Oraindik ere kintoek aukeratzen dute zuhaitza ".
Plazaren erdian maiatza dagoela, San Miguel festak ospatzen dituzte Iturmendin. "Betidanik maiatzean ospatu izan dugu San Miguel. Askotan esaten digute San Miguel irailean dela, ea zergatik ospatzen dugun maiatzean, baina ez da asmatutako zerbait. Guk beti maiatzean ospatu izan dugu".
Abuztuaren bukaera jubilatuek gari jotzearen eguna antolatzen dutela esan du Goikoetxeak. "Gari jotzaile bat zaharberritu zuten, eta tradizioak berreskuratzeko asmoarekin gari jotzea lehen bezala egiten dute egun horretan".
Uda honetan, aldiz, koronabirusaregatik ez dute ezer antolatuko. "Aurrekoan elkartu ginen eta ezer ez egitea erabaki genuen". Udazken aldera gauzak baretzea espero dute: "Ikusten joango gara. Neurrien eta arauen araberakoa izango da".