Txirrindularitza

Josu Etxeberriak Zamorako Itzuliko 3. etapa irabazi du eta lider berria da

Guaixe 2020ko uzt. 16a, 15:53

Gaur jokatutako etapan sekulako erakustaldia eman du Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko iturmendiarrak eta bihar, ostirala,  itzulia irabaztera aterako da

Josu Etxeberriak primeran ekin dio 2020ko denboraldi berezi honi. Hain zuzen ere amateur tropela asteartean jarri zen martxan, Zamorako Itzulian, eta gaur jokoan zegoen 3. etapan garaipen garrantzitsua lortu du Josu Etxeberriak, sekulako erakustaldia eman eta gero, arratsaldeko ordubiak pasatxo Aciberos gaineko helmugara bakar bakarrik heldu eta gero. Etapa irabaztearekin batera, Zamorako Itzuliko lider berria da Josu Etxeberria. 

Etapa ikusgarria izan da gaur Etxeberriak irabazitakoa, mendiz josia. Mombueyn hasi eta Aciberos gainean (3. maila) despeditu da, aurretik beste 5 mendi gainditu eta gero. 12. kilometroan sortu da eguneko ihesaldia; 18 txirrindularik egin dute aurrera, tartean Josu Etxeberria zela. Elkarrekin Portilla del Padornelo (3. maila), Ladiario Gaina (2. maila) eta Marabon Gaina (1. maila, bitan) gainditu behar izan dituzte, etapa Aciberos gainan (3. maila) despeditzeko. Josu Etxeberria eta Eugenio Sanchez (Lizarte) sendoenak izan dira, Etxeberria bereziki, Marabonen bigarren igoeran ihes egin eta bakarrik heldu baita helmugara (3:50:10), pedalkada bikainak jo eta gero. Indartsu aritu da eta Lizarte taldeko Jordi Lopezi 1:21 minutu atera dizkio. Sailkapen orokorrean lider berria da Josu Etxeberria (7:08:48), Lizarteko Jordi Lopezi 1:03 eta Froiz taldeko Samuel Blancori 1:07 aterata. 

Bihar, ostirala, 4. eta azken etapa jokatuko da, Mahiden hasi eta Viñasen despeditzen dena (131,6 km). 5 portu gainditu beharko dituzte: Palazuelo (3. maila), Nuez (3. maila), Vega de Nuez (2. maila) eta helmugako Viñas gaina (2. maila). Jakina, lidergoa eustera eta Zamorako Itzulia irabaztera aterako da Josu.